Europa Leagueko ordutegira ohitzeko, eguenetara itzuliko dira zuri-gorriak, aspaldiko partez. Kanporaketen eguna da Bilbon, eta Alcoyn egin ez zuten lana gaur gauzatzera behartuta daude Valverderen mutilak. Viguerak azkenengo minutuan sartutako golari esker, hasierako emaitzarekin, husna alegia, edo irabaztearekin nahiko dute Kopan aurrera jarraitzeko. Beraz, Alcoyano gol bat behintzat sartu behar du sailkapena lortzeko, eta joaneko partidan egindako futbol proposamena aldatu beharko dute, aurrera pauso bat ematera.
Athleticek, berriz, azkenengo partiduetako joera hobetu beharko du, nahiz eta bigarren B mailako talde baten aurka jokatu, eta partidua San Mamesen izan, hutsegite batek kanpoan utzi dezake Valverderen taldea. Hori ekiditeko, aldaketak egongo dira hasierako hamaikakoan. Herrerin atepean jarraituko du, eta Laporte atzekaldean egongo da, ezin duelako datorren igandean jokatu. Hori da Valverdek argitu duen guztia, eta partidurarte ez dugu jakingo nortzuk zelairatuko diren.
Hori bai, minutu gutxien jokatu dituzten jokalariak deialditik kanpo gelditu dira. Alcoyn aprobetxatu ez zuten aukera ez dute kanporaketa honetan berriz edukiko, Kopan jarraitzea helburutzat jo dutelako, bai aldagelan, bai zuzendaritzan. Moran, Aurtenetxe, Sola, Toquero... deialditik at gelditu dira. Beñat, Guillermo edo Gurpegi, ordea, hasierako hamaikakora itzuli daitezke.
Alcoyanok bere zelaian egindako lan ona errepikatu nahiko du. Argi utzi dute ez direla etorri San Mamesera denbora pasatzeko, eta gozatzeaz gain, hurrengo kanporaketarako txartela eskuratzeko prest zelairatuko dira. Hurrengo norgehiaka Vigon izango da, Celtaren kontra. Las Palmas, nekez, azkenengo minutuan irabazita, final-zortzirenetarako arerio berriaren zain daude.
Txapelketan aurrera jarraitzeko eta Celtaren aurkako kanporaketan egoteko Ernesto Valverdek honako jokalariak deitu ditu: Iraizoz, Laporte, San José, Beñat, Iturraspe, De Marcos, Ibai, Iago Herrerín, Susaeta, Mikel Rico, Gurpegi, Muniain, Aduriz, Viguera, Guillermo eta Balenziaga.