Partidua hasi aurreko ekintzak izan ziren partiduari buruzko notizia aipagarri bakarrak. Jauzia ekimenak burututako desfilea arrakastatsua izan zen. Arlo askotako kirolariak bildu ziren bertan, eta jendetza hurbildu zen babesa ematera. Aldarrikapen eguna borobiltzeko oso aproposa, izan ere, zelaiko ikuskizuna labur geratu zen. Ofizialtasuna lortzeko kalean edo harmailetan ikusitakoa, zelaian ikusi genuena baino askoz garrantzitsuago izan zen.
Lehenengo zatiko lehen bost minutuak. Hori izan zen Euskal Selekzioak partidu osoan jokatu zuen bakarra, eta tarte txiki horretan eskuratu zuen bere gola. Izan ere, Amorrortu eta Etxarriren mutilak gogotsu zelairatu ziren, eta hirugarren minutuan kataluniarren atzekaldearen huts nabarmen batean heldu zen Adurizen gola. Azeria beti adi, betiko lez, penalti puntuan gelditu zen eta baloia sareetara bidaliz lortu zuen bere hamargarren gola Euskal Selekzioarekin.
Gola sartu eta berehala ekin zion harmailak animatzeari, aparteko giroa partidu osoan, olatua eta guzti. Baina zaleen grinak ez zituen jokalariak suspertu, eta hortik aurrera Katalunia izan zen nagusi belar gainean, izen propio batekin, Xavi Hernandez. Munduko Txapeldunak Bartzelonaren joko alaia jarraitzeko arazoak ditu, lagunartekoetan, ordea, bere maila onena erakusteko gai da oraindik. Bere hanketatik baloi guztiak pasa ziren, eta berebiziko paseak eman zituen Euskal Selekzioaren lineak apurtuz.
Min handia egiten zieten horrelako paseek euskaldunei. Azken finean, batera jokatzeko ohitura ez duen taldea da. Baloiaren jabetza kataluniarrena zen, eta beraien nagusitasuna, argia. Aukera asko izan zuten partidua goiz berdintzeko, baina atepean Gorka Iraizoz zegoen, Adurizekin bat etxekoen jokalaririk onena. Jonathan Sorianori sekulako geldiketa egin zion, buruz-buruko jokaldi batean.
Sergio Garcia, Espanyoleko aurrelari azkarrak, beste aukera argi bat eduki zuen Iraizozen aurka, baina Iruñeako atezaina ederto aritu zen atzo jokaldi horietan. Deulofeu izan zen buruz-buru Iraizoz gainditu zuen bakarra, baina bere jaurtiketak atezainaren hanka azpitik pasa ondoren postean jo zuen, eta aldaratzea Balentziagak urrundu zuen. Azkenean, nagusitasun horren ondorioz, katalanen gola heldu zen. Sergio Garciaren desmarke eder batean, area barruan izkin batekin Iñigo Martinez lurrera bota zuen eta oraingo honetan ez zuen hutsik egin, baloia sarera. Atsedenaldira merezitako berdinketarekin.
Atsedenaldiak partiduaren bukaera zirudien. Bi taldeek aldaketa asko egin zituzten, eta horrela futbolari bizkortasuna ematea ezinezkoa suertatu zen. Lehenengo minutuetan katalanek joko motela, baina trebea erakutsi zuten, Xavi aldatu zuten arte. Hor bukatu zen baloiarekin zerikusia zuen guztia. Hori bai, harmailetakoei gutxi axola zien zelaian gertatzen ari zena, eta ez ziren isilik egon une batean ere. Talde biak animatu zituzten, ofizialtasunaren aldeko leloak abesten.
Azken ordu erdia bitxikeriak ikusteko izan zen, besterik ez. Yuri Bertxitxe eta Mikel San Jose batera aritu ziren Euskal Selekzioaren ezker atzekaldean. Julen Guerrerok entrenatu zituen biak gazteetan; lehenengoa Tottenhamera joan zen, bigarrena, berriz, Liverpoolera. Atzo talde berean jokatu zuten aspaldiko partez. Horrez gain, Yurirekin bat, Eneko Boveda eta Mikel Arruabarrena zelairatu ziren, Lezaman jokatu zuten guztiek. Talde biek ontzat eman zuten berdinketa, eta horrela amaitu zen partida, festa borobila denontzat San Mamesen.
Euskal Selekzioa: Iraizoz (Xabi Irureta, 64. min); Carlos Martinez (Boveda, 46. min), Ansotegi (Etxeita, 46. min), Iñigo Martinez (San Jose, 46. min), Balenziaga (Aurtenetxe, 46. min); Iturraspe (Bergara, 46. min), Beñat (Dani Garcia, 46. min); Capa (Susaeta, 46. min), Xabi Prieto (Torres, 46. min), Ibai Gomez (Yuri, 64. min); eta Aduriz (Arrubarrena, 46. min).
Katalunia: Kiko Casilla (Masip, 46. min); Víctor Sánchez (Montoya, 46. min), Bartra (Sergi Roberto, 46. min), Piqué (Fontás, 46. min), Jordi Alba (Víctor Álvarez, 60. min); Xavi (Gerard Moreno, 60. min), Busquets; Deulofeu (Piti, 46. min), Sergio García (Samper, 60. min), Aleix Vidal (De la Bella, 46. min); eta Jonathan Soriano (Álvaro Vázquez, 60. min).