Talde handiek, partidu txar bat edo biren ostean, euren etxera maila txikiko arerioren bat heltzen denean, golez betetako norgehiagoka bat eskaintzen diote euren zaleei. Horrekin, zaleek bestea soilik egun txar bat izan zela ikusten dute, eta biak batera ekiten diote aurrera.
Hori zen atzo San Mamesen espero zena, Malagan gertatutakoaren ondoren, eta azkenengo emaitzak ikusita. Baina ezta gutxiagorik ere. Zuri-gorriek ondo ekin zioten hasieran, gol festa bat aurreikusten zen lehenengo jokaldietan, baina kafe bero-bero baten barruan sartzen duzun azukre-koskor bat bezala desegin zen.
Muniain lehenengo minutuetan gogotsu irten zen, zutoinera bidaliz partidu osoa aldatu zezakeen jaurtiketa, eta taldea bere sorbaldetara eraman zuen. Bera izan zen salbuespena, eta arrisku jokaldiak egin zituena. Denboraldi honetako notizi on bakarra bera da, eta aspaldi izan zitekeen jokalariaren mailara heldu da. Tamalez, bakarrik egon zen zelaian eta azkenengo minutuan, lesionatuta, aldatu zuten.
Lehenengo minutuetan ahal zuen bezala mantendu zen talde Ukraniarra berdegunean, baina minutu horietako grina bukatu eta partida zelai erdian berdindu zenean, heldu ziren komeriak. 26. minutuan Kharatin, buruz, Zorya aurreratu zuen. Dagoenenko San Mames murmurka zebilen taldearen jokoa dela eta, baina golak zaleen kexak areagotu zituen.
Batzutan, futbolean, jasotzen duzun golak piztu egiten zaitu, bai jokalariei, bai zaleei. Emaitzari buelta emateko denbora daukazula jakinda, partidua irabazteko gogoak ateratzen dituzu. Baina atzo guztiz kontrakoa gertatu zen. Taldearen erantzuna ez zen inondik agertu, apala eta motela, gola azkenengo minutuan sartu izan balute bezala.
Harmailetan, ere, ikusten zutena ezin sinisturik. Malagako estropezua gogorra izan zen, baina jokalariek euren jarrera aldatu gabe jarraitzen zutela ikusita, aspaldi entzun ez ziren txistuak bueltatu ziren San Mamesera. Beharbada, San Mames berri honetan entzun dugun lehenengo txistukada gogorra izan zen. Taldeak ez du transmititzen, ez dauka Athleticeko zaleak eskatzen duten grina eta gogoa, eta gainera, ez du ondo jokatzen.
Argi eta garbi azaldu da azkenengo bi partidetan. Malagak jokalari bat gutxiagorekin, indar eta ohorearekin bi gol sartu zizkien azkenengo minutuetan partida berdintzeko. Athleticek, berriz, ez zuen Zorya bere zelaian sartu, eta edukitako aukera apurrak Muniainen kalitate momentuak izan ziren, besterik ez.
Taldearen abiadura motela da, oso. Aurkariak jartzen duen erritmora moldatzen da beti, eta ahal badu, martxa bat jaizten dio partiduari, norgehiagoka apala bihurtuz. Lehenengo mailako talde bat bereizten duena bizkortasuna da, besterik ez, nola egiten duen futbolak behar dituen ekintza guztiak ondo zein bizkor. Horren gabezia nabarmena da azkenengo partiduetan.
Horrez gain, lehenengo mailako talde batek izan behar duen nortasuna bilatu behar dute zuri-gorriek. Aspaldi, honelako partiduren bat ikustera ohituta egon giñen. Caparros eta Clementek aipatu zituzten oso lehiakor ez ziren jokalari horiekin, beste era batera esateagatik. Baina Raul Garcia, Aduriz, edo Laporte bezalako jokalariak zelaian edukita, zaleek ez zuten inondik ere halakorik espero.
Izan ere, bildu ziren zaleak nahiko amorratuta irten ziren zelaitik, ez bakarrik emaitzagatik, taldearen jokoarekin baizik. Bigarren zatian ikusitakoa zentzugabekeria izan zen. Aldaketekin, berdin jokatzen jarraitu zuten, nahiz eta azkenengo minutuetan bi aukera garbi izan, ezer gutxi gehiago egin zuten bigarren zatiko 45 minutuetan, eta hiru puntuak Ukraniara alde egin zuten.
Kuko Ziganda
Honek entrenatzailearen postua kolokan uzten du. Azkenean, futbolean, errezena bera aldatzea da, taldearen gogoak piztu dezakeen pertsona bategatik ordezkatzea, futbolaren legea dugu hau. Egoera berezia da Kukorena, pasadan urteko talde berdina da, baina zelaian taldeak ez du ezer transmititzen. Goiz da oraindik horrelako neurriak hartzeko, baiana lehehngo maila da, eta dagoeneko hiru entrenatzaile kaleratuak izan dira, baita Europan dagoen Vila-realekoa ere.
Valverderen itzala luzea da. Lau urtetan egindako lana oso ona izan zen, tropezu batzuekin, noski, baina urte guztietan emaitzak atera zituen. Denok gogoratzen dugu bera joan zenean gertatu zena, eta horren kontra borrokatu beharku du Kuko Zigandak.
Asteburu honetan Valentziara doaz, zelai benetan gogorra han irabazteko. Horren ostean, geldiunea dator eta denbora egongo da entrenatzeko eta gauzak aldatzeko. Gero, Ligan, Sevilla, Leganes, Bartzelona, Celta eta Vila-real datoz, Europa League eta Kopako partidak tarteka, eta txanpa horretan Zigandak emaitzak eta joku ona aurkeztu beharko du San Mameseko aulkian jarraitzeko.