Lehenengo zatia ahaztekoa izan zen, bi taldeen aldetik. Bientzako ez galtzea zen garrantzitsua, eta jokoan hori nabarmena zen. Paseetan arrisku gutxi, defentsa lan trinkoa eta goiko partean aukera gutxi. Atea defendatu behar zen eta ia jokaldi batean arriskua sortu daitekeen itxaron, magia eta eraso futbola beste baterako utziz.
Beldur horrekin atsedenaldira heldu ziren, ezer kontatzeko. Bi taldeek berdinketa edo gol bakarrarekin irabaztea nahi zuten, inolako alarderik gabe, praktikotasuna zen nagusi. Bigarren zatian, berriz, gauzak zeharo aldatu ziren lehenengo hamar minutuetan.
Vesga aldagelan gelditu zen eta bere ordez Iturraspe irten zen. Abadiñoko erdilariak beste aukera bat eduki zuen atzo, eta badirudi aprobetxatu nahi duela. Taldea beste jarrera batekin zelairatu zen, Iturraspe zen baloiaren jabea zelai erdian eta Leganes bere zelaiatik irten gabe ibili zen lehenengo minutuetan.
Iturraspek baloiaren irteera bereganatu zuen, taldearen jokoa nabarmen hobetuz. Williamsi pase ederra eman zion atezainaren aurrean bakarrik utziz, baina bestaldean bakarrik zegoen Adurizi pasea eman beharrean bera jaurtitzea erabaki zuen, eta Cuellarrek sekulako geldiketa egin zion baloia kornerrera bidaliz.
Korner horretan atezainak huts egin zuen irteeran, eta San Josek, bakarrik, eta buruz, baloia langara bota zuen. Baina, tamalez, hori ez zen izan erdilariaren akats nagusiena. Izan ere, jokaldi horren ostean, Athleticen golak hurbil zirudienean, San Josek zelai erdian baloia galdu eta Beauvuek jokaldi pertsonal izugarri batean berebiziko gola sartu zuen.
Hori zen Leganesek nahi zuena, eta problema barik lortu zuena. Atzean trinko finkatu, erdialdean presio gogorra ipini eta Amrabat eta Beauvuerekin kontran atera. Halako beste hiru izan zituzten, partidua argi irabazteko, baina Keparen geldiketak eta Cordobaren abiadura nagusitu ziren beste aukeretetan.
Baloia Athleticena zen, baina inolako irizpiderik gabe. Hori argi ikusi zen atzo, eta hori da gehien kezkatzen duena Bilbon. Horrela ez goaz inora. Jokalariek ez dakite zertan dabiltza, talde erdia hegaletatik konbinatzen saiatzen ziren, beste erdia baloia goitik edonora jaurtitzen zuen bitartean, taldea erdibituta zirudien nora joan edo zer egin jakin gabe.
Susaeta zelairatu zen, nora ezean zebilen Raul Garcia baten ordez. Nafarra aspalditik jokoz kanpo dabil, eta ekarpen gutxi du zelaian. Eibartarra berriz, gogotsu, betiko lez, baina asmatu ezinik. Taldea baloiaren jabea zen, Leganes, berriz, aukeren jabea.
Gauzak horrela, bukatzeko hamar minutu gelditzen zirenean, Beñat atera zen taldea pizteko. Baina talde honen ezintasuna nabarmena da. Ideiarik gabe, mugikortasunik gabe eta batere erakargarria ez den jokoarekin partidua bukatu zen beste porrot batekin.
Beñat
Igorreko jokalariaren egoera ulergaitza da. Valverderen sisteman ikutuezina zen, taldea jokatzen ipintzen zuen eta baloiari koherentzia jartzen zuen jokalaria bera zen. Zelaian zegoenean Athletic bestelakoa zen, baloiaren jabetza berea zen talde eta arerioak alde batetik bestera mugituz eta jokaldiak prestatuz.
Aurten, ordea, Vesga eta San Jose izan ohi dira hasierako hamaikakoan, eta azkenengo lau denboraldietan bere itzalean egon den Iturraspek bera baino minutu gehiago jokatu ditu denboraldi honetan. Beraz, laugarren erdilaria dugu aurten Beñat.
Hori ulergarria litzateke taldeak erdilari horiekin funtzionatuko balu, baina ez da kasua. Laugarren postuan bukatu zuten denboraldian Rico eta Iturraspe ziren nagusi, San Jose eta Beñat aulkian utziz, taldea horrela hobeto jokatzen zuelako. Hurrengoan, berriz, San Jose eta Beñat egin ziren jaun eta jabe.
Aurten, berriz, zelai erdia ez dabil, eta akatsak dira nagusi partiduak joan, partiduak etorri, eta ez da ezer aldatzen. Beraz, ulertezina da Beñaten egoera, eta beste aldetik baita Aketxe eta Ricoren egoera ere. Argi dago zelai erdia ez dabilela, eta zeozer aldatu behar dela, horrela jarraituz gero, ez goaz inora.
Argazkiak: Athletic Club