Athletic

Athletic 0-2 Bartzelona

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2017ko urr. 30a, 12:12

Iturraspe Messiri baloia lapurtzen

Athleticek denboraldiko partidurik onena egin zuen Bartzelonaren aurka. Galdu arren, zuri-gorriek beste jarrera batekin zelairatu ziren eta golak sartzeko hainbat aukera eduki zituzten. 

Guztia galduta zirudienean, inork espero ez zuenean, eta areriorik onena aurrean zegoenean, Athleticek, konplexu barik, aurre egin zion Bartzelonari. Lehenengo zatiko lehen laurdena denboraldi osoko minuturik onenak izan ziren.

Izan ere, taldeak badaki nola jokatu behar duen Bartzelonaren kontra. Norgehiagoka asko izan dira jarraian beraien kontra, eta nola ekin behar duten argi daukate. Partidua hasi bezain pronto, Bartzelona bere zelaian sartu eta presio altuarekin zuri-gorriek finkatu zuten zertara jolastuko zen San Mamesen.

Lehenengo 15 minutuak Zigandaren mutilenak izan ziren. Bartzelonak arazo ugari izan zituen baloia ateratzeko, lehoiak ziren nagusi zelai erdian. Iturrasperen lana itzela izan zen, aspaldiko partez. Bera izan zen gidaria, eta Aduriz, Raul Garcia eta Williams presioan ederto lan egin zuten.

Nagusitasun minutu hauetan gol egiteko aukera garbiak izan zituzten, baina atzo ez zen Adurizen eguna izan. Ter Stegenen aurrean bakar-bakarrik gelditu zen, baina atezainak jaurtiketa gelditu zion. Alemaniarra partidu txarrak egin ditu San Mamesen, baina bere maila zein den argi erakutsi zuen Katedralean, eta bere taldeko onena bihurtu zen, Messiren onespenarekin.

Argentinarra beste gauza batera jolasten du, hori argi dago. Bartzelona txarto pasatzen ari zenean, hor agertu zen, betikoa. Lehenengo aukeran, atezain eta defentsak lurrera bota ostean, baloia zutoinera bota zuen. Bigarrenean, berriz, atzetik bakarrik etorri zen eta Jordi Albaren pasea aprobetxatuz sarera bialdu zuen baloia. Messik ez du birritan barkatzen.

Valverderen Bartzelona ez da beste urteetako taldea, badaki zer den menpean ez duen partidu bat jolasten, eta Messi nahi duenean partidua konpondu dezakela badaki. Golaren ostean aurrera egin zuten eta Paulinhok langara jaurti zuen baloia hurrengo jokaldian. 

Zorionez, atsedenaldia heldu zen. Zuri-gorriek arnasa hartu zuten, eta bigarren zatian, lehenengoan bezala, partiduaren bila irten ziren. Laporte eta Nuñezen lana itzela izan zen, zulo guztiak itxiz. Iturraspe baloiaren jabea zen, eta hegaletik Williams behin eta berriro saiatu zen.

Bartzelona ez zen partidua bereganatzeko gai izan. Messiren agerraldietara itxarotea izan zen bere aukera bakarra, baina horrekin lasai sentitzen ziren, normala. Valverderen taldeari gol bat sartzea ez da lan makala, horra hor bere estatistikak, eta ter Stegen maila horretan egonda, oraindik zailago.

Faltetan saiatu zen Athletic batez ere, entrenamenduetan prestatutako jokaldiekin. Baina langa lehenengo, eta atezainaren beste geldiketa izugarri bat geroago, Athleticen aukera nabarmenenak ezer-ezean utzi zituzten.

Bartzelona denbora galtzen hasi zen, aspaldiko partez. Partidua bukatzea zuten bakarrik buruan, Athleticen jokoa gainditzeko gai ez zirela bazekiten. Valverdek defentsa bat zelairatu zuen, egin zuen aldaketa bakarra. Zigandak, berriz, Susaeta eta beñat atera zituen, baloiaren jabetza areagotzeko.

Baina, Athleticek partidu ona egin arren, ez zen Bartzelonari gol bat sartzeko gai izan, eta azkenengo minutuan, Messik gidatutako kontra batean, Paulinhok bukaerako 0-2a sartu zuen Kepak gelditu ezin izan zuen baloi bat sarera bialduz. Hor bukatu zen partidua, beste porrot batekin. Baina beste partiduetan ez bezala, jendea harro irten zen San Mamesetik, Athleticek jarrera aldaketa bat erakutsi zuelako.

 

Taldea

 

Larunbatean ikusi genuen taldea ez zen azken hamar partiduetan ikusitakoa. Zaleek pentsamendu berdina zeukaten buruan, zergatik ez dute hori beste taldeen kontra egiten. Bartzelona eta Madrid datozenean beste jarrera bat dagoela ikusten da, horrelako jokalarien kontra jokatzea motibatzen duelako, eta bere mailan aritzeko dena emon behar dutela dakitelako.

Taldeak jarrera aldaketa bat behar zuen, eta larunbatean lehenengo pausoa burutu zuen. Argi dago maila horretara norgehiagoka guztietan heldu behar direla. Larunbatean jokatzen dakitela frogatu zuten, baita talde on baten kontra partidu duin bat egiten dakitela ere.

Zalantzarik gabe, egindako lana ezerezean geldituko da horreri jarraipena ematen ez badiote. Datozen partidak finalak izango dira, bai Errege Kopan, baita Europan ere. Bartzelonari aurre egiteko gai izan badira, beste arerioen kontra maila berdina aurkeztu behar dute eta hurrengo partidak irabazi behar dituzte konfiantza bereganatzeko.

Iturraspe hasierako hamaikakoan jarraitzeko maila eman du, Raur Garcia aspaldiko grina erakutsi zuen, Laporte eta Nuñez ondo konpontzen dira eta Kepa, atzean, ederto dabil. Gol eta konfiantza faltan daude, eta hori eguenean, San Mamesen eta Ostersundsen kontrako finalean lortu behar dute.

 

Argazkiak: Athletic Club