Taldea ondo zelairatu zen berriro, baina, oraingoan, ez zuten Suediako talde bat aurrean, eta lehen minutuetan egindako hutsak ederto oradaindu zituen. Iago Aspas, Pione Sisto eta Maxi Gomez golak egiten dituzten aurrelariak dira, hirurak, eta zuri-gorrien defentsa eta zelai erdiaren maila ikusteko eguna zen.
Horrelako jokalariak aurrean izanda, kontuz ibili beharra dago, futbolak biltzen dituen abilidade desberdinak menperatzen dituztelako. Maxiren indarra, Pioneren bizkortasuna eta Iagoren trebetasuna guztiz gailendu ziren.
Izan ere, lehenengo partean zuri-gorriek ezin izan zuten hirukotea gelditu. Laporte eta Nuñez txarto ibili ziren marketan. Boveda eta Balenziaga, berriz, hegaletan maila oso eskasa erakutsi dute azkenengo partiduetan; Vesga eta San Joserekin ez dago irabazterik.
Hori da Athleticen ahulgunerik handiena. Beñaten falta asko somatzen da denboraldi hasieratik. Zigandak Vesga ondo ezagutzen du, eta Beñaten ordez bera jolastu behar zuela erabaki zuen, hori izan zen bere apustua, baiana San Joserekin ez da ondo konpontzen eta horrela ez dago irabazterik.
Jokalariak ez dira ondo ezagutzen, ez dira ondo konpontzen eta metro ugari egoten dira beti bien artean. San Jose ezin du Khedira baten lana egin, ez da heltzen, eta ez dira bata besteari ondo laguntzen. Iturraspe zelaian dagoenean, Athletic beste talde bat dela dirudi, eta atzo berriro ikusi genuen. Lehenengo zatia ahaztekoa izan zen, hiru akats egin zituzten eta hiru gol jaso, Celtaren aurrelariak ez dira gol aukerak parkatzen dutenerikoak. Athleticek, berriz, Raul Garciaren gol bikaina lortu zuen partiduan bizirik mantentzeko.
Atsedenaldian Zigandak bi aldaketa egin zituen, Iturraspe eta Aduriz, Vesga eta Cordobaren ordez. Horrela, taldea zelaian hobeago kokatua zegoen. Iturraspek partiduaren pisua bere gain hartu zuen berriro, eta beste lan on bat burutu zuen. Bestalde, Adurizen lana ezaguna da, eta Celtaren defentsa ederto finkatu zuen bere taldekideei tokia irekiz.
Gauzak horrela, zuri-gorriek puntuen bila joan ziren, eta orduan heldu ziren gol aukerak. Atezainak langaren azpian barrura zijoan Laporten burukada gelditu zuen, eta hurrengo jokaldian Adurizek gutxigatik bialdu zuen baloia kanpora.
Athletic nagusi zen zelaian, baina Celta gustura zebilen. Vigoko taldea ederto moldatzen da defentsan eta Iago Aspasen eta Pione Sistoren kontra-erasoak arriskua dakarte beti. Baina partidua lehenengo zatiko lehenengo minutuetan erabaki zen. Bigarren zatian ez ziren markagailua aldatzeko gai izan, eta zuri-gorriek beste porrot batekin itzuli ziren bilbora.
Tamalez, prentsaurrekoan, Vigon ez irabaztea kanpoan zuten arazotzat jo zuten Raul Garciak eta Zigandak, baina hau beste kontu bat da. Taldea ez dabil, eta arerio on baten aurrean dagoenean arazo guztiak azaltzen dira, ez bakarrik kanpoan jokatzen dutenean, San Mamesen ere horrelakoak gertatzen bait dira.
Berriro lehiaketaren geldiunea dator, eta bestean gertatu zen bezala, momenturik txarrenean heldu da. Klubeko zuzendaritzak ez dituela aldaketarik egingo argi dago. Beraz, pozez beteriko denboraldi batzuen ostean, iragate urtea heldu dela dirudi.
Datorren partiduetan gauzak aldatzen ez badira, udaberri aspergarria datorrela argi dago. Gabonetan oparirik heldu ezean, gutxi aldatu daiteke panorama. Opariak Beñat, Yeray eta Kepa deitzen dira, badakigu Urrutiaren lana nolakoa den, eta bai Lezaman, bai Ibaiganen, ez ditugu aldaketarik espero behar.
Argazkia: Athletic Club