Athletic

‘ErridiKukoa’

Erabiltzailearen aurpegia Iker Elorriaga 2017ko aza. 30a, 11:30

Formenteraren gola

Athletic Kopatik kanpo gelditu zen atzo lehenengo kanporaketan aspaldiko partez. Formenterak 95. minutuan sartutako golak kolokan uzten du Kuko Zigandaren proiektua.

Lotsagarria, halakoa izan zen Athleticen partidua atzo. 2º B mailan aritzen den Formenterari ezin izan zioten San Mamesen gol bat sartu, eta kopatik at geratu dira zuri-gorriak. Aspaldiko partez, lehenengo kanporaketan kale egin dute, eta ez dira datorren asteko zozketan egongo.

Izan ere, azken hamar urteetan, Bartzelona izan da Athletic kanpoan utzi ohi izan duen taldea, bai hiru finaletan, bai aurreko kanporaketetan ere. Atletico de Madrid behin final laurdenentan eta Eibar izan dira azken aldian Lehoiak kaleratzeko gai izan diren bakarrak, azkenak Bielsaren bigarren urte horretan.

Beraz, atzokoa porrot galanta izan zen, baina ez da ezustekoan etorri. Athleticen dinamika, lehenengo partidutik, txarra izan dela bagenekien, baina Gure Estiloa horrela delako, Zigandak lan postuan jarraitu du. Lortutako emaitzekin, beste talde batean, kanpoan legokeela argi dago. Atzoko emaitzarekin, bere etorkizuna Athleticetik kanpo dagoela esan genezake. 

Zaleen pazientziak muga bat dauka, eta atzo gertatu zenarekin, entrenatzailea muga horren gainean ipini dela dirudi. Futbola emaitzak dira, hori horrela da, eta Zigandaren emaitzak ikustekoak dira. Taldeak jokatutako azkenengo 18 partiduetan bakarrik hirutan irten da garaile, Sevilla, Ostersunds eta Hertharen kontra. Zaila suertatzen da horiek baino emaitza txarragoak lortzea.

Apostua ona izan zen hasieran, Lezaman azkenengo sei urteetan Bilbao Athleticen zegoen entrenatzaileak lanean ondo jarrai dezakeela pentsatzea. Horrez gain, Lehenengo Mailan eta Europan esperientzia zeukan, eta jokalariak oso ondo ezagutzen zituen. Baina, gauzak ez dira nahi bezala irten eta denbora agortu zaio. Taldea ez doa aurrera, atzo ikusi genuen bezala.

Nahiz eta esandako guztia horrela den, errua Zigandarena bakarrik dela esatea iruzur egitea izango litzateke.  Atzo, begiradak, beheko partera joan beharrean (aulkira eta zelaira), goi partera joan ziren, palkora, eta arrazoi guztiarekin. Kirol Arduraduna aspalditik ez dakigu zertan dabilen, eta Urrutia, beste mundu bat da, bere mundua.

Azkenengo bi urteetan ez dute jokalaririk fitxatu. Horrez gain, jokalari on bati kontratua berritzeko unea heltzen denean arazoak agertzen dira beti. Keparen etorkizuna jokoan dago, eta zaleek ez dute inolako itxaropenik Urrutiak egin dezakeen lanean. Bere munduan jarraitzen du, isolatuta, Bere Estiloan. 

Atzo aurpegia emateko unea izan zen berriro, eta berriz alde egin zuen. Atzo bezalako gau batean, partidua amaitu bezain pronto, klubaren ikuspuntua emateko unea da. Kuko bai, edo Kuko ez, edo entrenatzailea bota, edo berak egunero egiten duen lana goraipatu eta taldea animatu, baina isiltasun hori ez da inoren mesederako.

Beñaten kasuan bezala, klubaren isiltasuna entrenatzailearen kontra doa, hori da Bere Estiloa, ardurak besteengan ipintzea eta kexak besteei joan daitezela itxarotea. Beste behin, Athleticeko langile bat, jokalari zein entrenatzaile, bakarrik uzten du zaleen eta publikoaren aurrean. Athleticeko lehendakariaren jarrera ezin daiteke horrelakoa izan, aurpegia eman behar du. Berak hartu beharko luke ardura, erantzukizunez eta zintzotasunez jokatuz.

Baina jarrera kontuan hartzen badugu, jokalariei begiradatxo bat ematea komeni da ere. Atzo, beraien lana aldarrikatzeko unea heldu zitzaien jokalari batzuei, eta aukera aprobetxatu beharrean, taldetik irtetzea eskatzen zutela zirudien. Gazteek Rico eta Iturrasperen lana kontuan hartu behar dute, eta nola jardun behar den zelairatzeko aukera duzunean, profesionaltasunez eta gogo-biziz.

Beraien aurrean, zelaian, Joseba Garmendia zegoen. Basauritarrak 51 partidu jokatu zituen Athleticen eta azken urteetan Amorebietan, Palencian eta Socuellamosen aritu da. Lehenengo taldera iristea ez da zailena, hor egunero mantentzea da benetan kostatzen dena. Azkenean, Garmendia bezalako kasuak oso maiz gertatzen dira, eta Lezaman hori ondo irakastea funtzeskoa da gazteen artean.

Garmendiak, partidua bukatzean egin zioten elkarrizketan, argi utzi zuen zein berezia izan zen berarentzat San Mamesera bueltatzera, ezagutzen ez zuen San Mames berrira bueltatzea!,beste partidu bat jokatzeteko. Elkarrizketa horretan beste egia galanta bat bota zuen, “guk bagenekien Athleticek astiro jokatuko zuela eta azkenengo minutuetan, urduri jartzen zirenean, irabazteko aukerak izango genituela”.

Partidua Formenterak nahi zuen erara jokatu zen. Arerioak badakite nola jokatzen duen Kukoren taldea, oso plano, oso astiro eta intentzitate barik. Horrela ezin daiteke aurrera jarraitu. Vesgak eta San Josek zelai erdian ezin dute batera jolastu, argi dago emaitzak eta lana begiratuta ez direla ondo konpontzen. Gauza asko aldatu behar dira taldean, eta errezena, eta bizkorrena, entrenatzailea aldatzea da. 

 

Irudiak: Athletic Club