Bilbotarrak, eta Athleticzaleak, badakigu urteko derbiak zeintzuk diren. Izan ere, Madrid eta Bartzelona San Mamesera datozenean beste giro bat nabari da hiriko kaleetan. Pozas bete egiten da, zaleak urduri hurbiltzen dira zelaira eta irabazteko gogoa sekulakoa izaten da beti. Berdin dio eguna, berdin dio ordua, berdin dio pasadan partiduan zer gertatu zen… Madrid eta Bartzelona gurera datozenean irabazi beharra dago.
Horrela da, eta urtero ateratzen gara buruan ideia berdinarekin. Horrela, Ligako besteen kontra jokatuko bagenu, Europan egongo ginateke denboraldi guztietan. Eta, benetan, horrela da. Sailakapeneko azken 10 taldeei irabaziz gero, bai etxean, bai kanpoan, 60 puntu dira, eta hori hurrengo urtean Europara joateko seinale da.
Baina, munduko jokalari onenen aurrean egoteak dakarren indarra une horietan bakarrik agertzen da, hori da kirolari on batek barruan daramana, onenei irabazten saiatzea. Hori, guzteiei gertatzen zaie, baita kontrakoa ere. Real Madrid eta Bartzelona ez dira sekula San Mamesen burua beste edozertan edukita zelairatuko, badakite Katedralean irabazi nahi badute, lan ederra egin behar dutela, eta horregatik guztiarekin zelairatzen dira beti, eta gogo-biziz.
Hori guztiari, zaleen tifoak eta animoak, zelaiaren egoera eta eguraldia gehitzen badiogu, partida ederra izateko elementu guztiak ditugu, eta horrela izan zen. Kuko Zigandak zerbait ikasi du aurten, beteranoen eskarmetua partidak aurrera eramateko balio duela.
Hainbat aldaketa eta proba egin eta gero, zuri-gorriek gauza bat argi eta garbi utzi dute: zelai erdian Mikel Ricok jolastu behar duela, bai ala bai. Beste behin, bera izan zen partiduko sorpresarik ederrena. Sekulako lana egin zuen gora eta behera baloiak eskuratzen, presioan, defentsen eta aurrelarien arteko lotura etengabe horretan jarduten, paregabea zein neka ezina.
Lehenengo zatian, Iturrasperekin bat, ederto konpondu zen bikotea. Bata bestea hobetzen du, Txapeldunen Ligako txartela eskuratu genueneko bikotea ziruditen. Hori funtzezkoa da futbolean, eta Vesga eta San Jose bikotearekin ez da hori gertatzen. Izan ere, Mikel bigarren zatian zelairatu zenean, ondo aritu zen aspaldiko partez, Rico alboan zegoelako lan eta lan.
Horrez gain, Susaetaren lana goraipatu behar da. Kapitainak aurrera pauso bat eman du, taldea bere sorbaldan jarriz. Nahiz eta Williams eta Cordoba bezalako gazteek berien postuan ondo aritu, lanean jarraitzen du, eta maila onean jarraitzen duela argi utzi zuen. Hori da taldeak behar duena, lana eta tentsioa, horrekin aurrera jarraitzea beharrezkoa da.
Athleticek partida ona egin zuen larunbatean, sekulako talde baten kontra. Zuri-gorriek hiru puntuak eskuratzeko aukerak izan zituzten, baina horrek ez du ezertarako balio datozen partiduetan inflexio puntu bat ikusten ez bada. Formenteran ikusitakoa erridikulo hutsa izan zen, bihotzean min egiten duena, eta larunbatean aurpegi aldaketa bat egon zen. Ez dakigu aurrerantzean Jekyll Doktorea edo Mister Hyde ikusiko dugun.
Baina, futbola, bizitza bezala, arin doa eta ez da gelditzen. Ostegunean Zoryaren aurka jokatu behar dute, Europan jarraitzeko irabazi behar da, ez dago besterik. Hor edukiko du Cucok bere etorkizuna jokoan, ezin dute aste bakarreko mugan bi lehieketetan kanpoan gelditu.
Talde onak, tituluak irabazten duten talde horiek, badakite non jarri behar dituzten beraien helburuak. Real Madrid gurera etorri zen, eta beraren historiaz ikasi behar dugu, eta nola Ligan eta Kopan zer eginik ez daukanean, Europan inoiz baino indartsuago agertzen den. Hori izan behar da Athleticen helburua, horretarako gai direla askotan adierazi dutelako.
Zaleek hori behar dute, helburu bat, nahi bat, ilusio bat. Zaleek garaipen bat behar dute. Azken 19 partidutik 3tan solik irten dira lehoiak garaile, eta gauzak horrela, animatzen jarraitzen dute, zuri-gorriak babesten eta taldean zinizten. Bidea zein den argi dago, hasierako hamaikakoan nor egon behar den jadanik irabazita dago zelaian, orain garaipen on bat behar da, eta horreri jarraipena ematea. Bestela, Kukoren azken partidua izan beharko litzateke.