Rafa Alkorta izan zen deitu zuten azkena. 1998an Frantzian antolatu zen txapelketan jokatu zuen eta ordutik, Bizkaiko hiriburuak ez du ordezkaririk izan. Errusia da bostgarren lehiaketa segidan, Korea eta Japoniakoa, Alemaniakoa, Hegoafrikakoa eta Brasilgoaren ostean.
20 urte izango dira guztira, bost mundial, Bilbok kalitate handiko jokalaririk eman gabe. Gutxienez, Bizkaiko ordezkari bat egongo da aurten zelairatzeko prest. Kepa Arrizabalagak, Ondarroako atezain gazteak, Lopetegiren zerrendan sartzea lortu du, Gaizka Mendietaren lekukoa hartuz.
Gogoratu behar da Lekeitioko erdilaria izan zela azkenengo bizkaitarra Munduko Futbol Txapelketa batean. Italiako Lazio taldean jokatzen ari zenean Camacho entrenatzaileak deitu zion Korea eta Japonian antolatu zen txapelketan parte hartzeko. Bere aurretik, ordea, hainbat jokalarik parte hartu zuten mundu mailako ikuskizunean.
Espainiako futbol selekzioa abiatu zenetik, 96 bizkaitarrek izan dute elastiko gorriarekin lehiatzeko aukera. Hori bai, gauza jakina da ez dela berdina partida bat jokatzea eta mundialeko zerrendan egotea, lau urteetan behin munduko onenekin buruz-buruz lehiatzea nekez lortzen baita.
Lehen aipatu dugun bezala, helburu hori lortu zuen azkenengo bilbotarra Rafa Alkorta izan zen. Bilboko atzelariak hiru mundialetan parte hartu zuen, guztiak hamarkada berdinean: Italia 90, USA 94 eta Frantzia 98, eta Julio Salinasen marka parekatu zuen. San Adriangoak, Italia 90an eta USA 94an egoteaz gain, Mexikoko Mundu Txapelketa jokatu zuen 1986an.
Italian antolatu zen txapelketa aipagarria da, orduan hiru jokalari bilbotar aritu zirelako. Leku berean debuta egin zuten Ramon Lafuentek eta Leonardo Zilaurren bilbotarrek 1934an, jokatu zen bigarren Munduko Kopan. Etxeko taldeak kanporatu zuen Espainiako Errepublika ordezkatzen zuen taldean. Final-laurdenetan gertatu zen, desberdintzeko norgehiagokan, eta Italiako jokalariei, txapelketa osoan bezala, joko zikina leporatu zieten. Zilaurrenek Arenasetik Athleticera salto egin zuen Italiatik bueltatu ostean. Futbolari bilbotarrak erbesterako bidea hartu zuen Gerra Zibilaren ostean eta Argentinako River Platen, Uruguayko Peñarolen eta Mexikako ligan aritu zen.
Bilbotarren zerrenda amaitu aurretik, Jesus Garai jokalaria gogoratu behar dugu. Bilbotarrak Chile 1962n parte hartu zuen. Bitxikeria bezala, Athleticek Barcelonari saldu zionean, harmaila berria eraki zuen San Mamesen, Garai harmaila zeritzona.
Arestian aipatu bezala, jokalari bizkaitar bat arituko da aurten Munduko Futbol Txapelketan. 16 urteren ostean, Espainiako selekzioari futbolari gehien eman dion probintziak ondarrutar bat sartu du Lopetegiren deialdian. Guztira, 96 bizkaitar aritu dira elastiko gorriarekin eta ia laurden batek gaur Errusian hasiko den bezalako lehiaketa batean parte-hartzeko aukera izan duen. Ea nor den hurrengoa.
Munduko txapelketan egon diren jokalari bizkaitarren zerrenda osoa:
2018: Kepa Arrizabalaga
2002: Gaizka Mendieta
1998: Julen Guerrero, Rafael Alkorta eta Julio Salinas
1994: Julen Guerrero, Rafael Alkorta eta Julio Salinas
1990: Rafael Alkorta, Genar Andrinua eta Julio Salinas
1986: Andoni Goikoetxea eta Julio Salinas
1982: Jose Alexanko eta Santiago Urkiaga
1978: Daniel Ruiz Bazan
1962: Jesus Garai, Carmelo Cedrun eta Luis Mari Etxeberria
1950: Piru Gainza, Jose Luis Panizo eta Telmo Zarraonaindia
1934: Jose Iraragorri, Guillermo Gorostiza, Simon Lekue, Ramon Lafuente eta Leonardo Zilaurren
Iker Elorriaga eta Jon Intxaurraga