Ekologistak Martxan, Butroi Bizirik Transizioan, Berri Otxoak, Kakitzat, Ernai, Eguzki, Askapena, KEM-MOC, Komite Internazionalistak eta Baratzea Gatika taldeek joan den larunbatean, hilak 12, parte hartu zuten zuten ekimenean. Aurten 27. ediziora heldu da Soietxeko kuartel militarraren aurkako urteroko martxa.
Talde antolatzaileen ustez, "instalazio militarrek ez diote ezer onik ekartzen ez Uribe-Butroiri ezta Bizkaiari ere". Horregatik, porru-baratze hau instalazio militar bihurtu zutenetik aldarrikatu dute lur hauek laborantzarako berreskuratzea: "Kuartelaren benetako papera ez dela gure segurtasuna defendatzea, baizik eta sistema kapitalista neoliberalaren interesak babestea, horrek lan-ezegonkortasunera, pobreziara eta gizarte-bazterketara eramaten bagaitu ere. Soietxeko instalazioak mantentzeko diru publiko asko xahutzen da, gastu sozialetan murrizketak egiten diren bitartean".
Antzezpen baten bidez, bazkari herrikoi bat antolatu dute, porrusalda menuarekin. Antolatzaileen arabera, "porruak osasungarriagoak dira bonbak eta balak baino, eta hobeto digeritzen dira". Bazkari sinboliko honekin Soietxeko kuartelaren moduko azpiegiturak desegitea exijitu dute: "Estatu Espainiarrak gaur egun 16 gerratetan parte hartzen du, eta munduko zazpigarren arma-esportatzailea da. Horrek esan gura du Siria moduko gerrateak mantentzen eta horrelako gerrateetatik ihes egitean gure mugetara heltzeko bizi duten egoera onartezinean ere laguntzen duela".
Esandako kolektiboek gastu militarrak behar sozialetara bideratzea eta azpiegitura militar guztiak desegitea eskatu dute, haien lursailak onura sozialeko erabileretarako birmoldatuz. "Gure ustean zentzuzkoagoa da –adierazi dute– Uribe-Butroietik gerra prestatu ordez, Soietxeko lurrak justizia, berdintasuna eta elikadura subiranotasuna lantzeko erabil daitezela. Horren guzti horren ikur moduan, nahiago dugu porruak haztea armak baino".