Mutilak oso maila onean aritu dira. Horren erakusle da gorengo mailara igotzeko –Eusko Label Ligara– jokatutako playoff-a, nahiz igoera ez lortu. Neskak inoizko ondoen aritu dira. Oso gutxigatik, bi segundora heldu ez zen aldeagatik, ez ziren Kontxako Banderarako sailkatu. Mailak gora egiten duenean, traineruen berdintasunak ere gora egiten du, adituen arabera. “Aukera bagenuen, baina planetak ez ziren lerrokatu”, dio Aitor Mojasek penatuta. “Itzela zatekeen”.
Deustuarren traineru nagusiek hainbat garaipen lortu dituzte, baina bada bat benetan berezia izan dena, Bilbon, Aste Nagusian jokatzen den estropadakoa. Bai neskek bai mutilek eskuratu zuten bandera preziatua joan den abuztuaren 19an Udaletxe aurrean. Oso ezohiko lorpena. Bandera biak etxean izateak asko poztu zituen klubeko lagunak eta ospakizuna, konta ezin bada ere, lorpenaren neurrikoa izan zela gogoan dute zuzendaritza taldekoek.
Dirua behar da jauzi egiteko
Kluba sasoiko dago, ez ordea bere diru kontuak. Azken bi-hiru urteetan kirol arloan gora egin badu ere, bere aurrekontuak behera egin du. “Erakundeen babesa falta da”, Mojasen esanetan. Aurrekontu murriztuak izan du, bai, eraginik. Izan ere, senior mailan mutilen bigarren traineru bat osatzeko aukera izan du aurten Deustuk, baina horretarako aurrekontu nahikoa ez du izan eta, azkenean, klubeko sei arraunlarik Elantxobeko taldera alde egin dute. Donostiarekin alderatuz gero, “hemen ez dago arraun kulturarik ez babesik; beste kirol batzuk hobesten dira”. Eta jauzi handirako, neskak Euskotren Liga nagusian sailkatzeko adibidez, “dirua falta dugu”. “Guk ere gehiago ahalegindu behar dugu”, aitortzen du Mojasek.
Ez du kexati agertu nahi teknikari beteranoak. Lanean gustura jarraitzeko prest agertu da. Kluba “gogor” dago, eta “urtero-urtero gorantz” doa, besteak beste, harrobia sendotzen baitoa arraunerako gogotsu hurbiltzen diren gazteekin. Arraun-eskolan, iazko ia kide denek jarraituko dute ikasturte berrian, eta eskolan sartzeko jaso dituzten eskariei ere erantzuten ahaleginduko dira. Ahal duten guztiei lekua egingo diete Deustu Arraun Taldean.
Zaharra gogoan
Aldaketa handiko denboraldia izan da 2018 urtea taldearentzat. Batik bat, bere egoitza urteetan izan dena (Deustuko Erriberan) aldatu dute. Joan den ekainetik 1.500 metro kuadroko pabiloi berrira lekualdatu dira, San Inaziora. Honezkero moldatu dira etxe berrira. Pantalana, esaterako, “hobea da”, eta pabiloi berriaren inguruan ez dute arazorik ibilgailuekin Deustuko Erriberan bezala. Hala ere, nostalgia darie klubeko arduradunei eraikin zaharraz hitz egiten dutenean. Bertatik arineketan alde egin behar zutela esan zieten Bilboko Udaleko ordezkariek eta, presak presa, eraikin zaharra ez dute oraindik eraitsi. Zutik dirau, eta ez dute erraz ahaztuko.