Ate-atean

Erabiltzailearen aurpegia Lur Mallea 2019ko urr. 7a, 17:50

Argazkiak: Deustu Arraun Taldea

Arraunaren olinpora sartu ezinda, atarian geratu dira Deustu Arraun Taldeko mutilak. Historikoa izan da euren denboraldia eta historikoa urtea klubarentzat.

Garaipenik gabe triste, baina, era berean, egindako lanarekin pozik dago Deustu Arraun Taldeko jende-modua. Horregatik luzatu zuten bazkalostea irailaren 15ean. Gustura jan eta edan zuten, berandu arte. Azkenak etxeratzen “zaharrenak” izan ziren, Aitor Mojas klubeko presidenteak aitortu duenez: “Jon Elortegi entrenatzailea eta biok izan ginen azkenak”. Asko zuten ospatzeko, “denboraldi historikoa” horren arrazoi. Deustu Arraun Taldea inoiz ez baita hain gora iritsi. Izan ere, arraunaren olinpoko ateak urratu ditu.

Lehen maila inoiz baino hurbilago izan dute Tomatera-ko arraunlariek. Oso hurbil. Igoerako playoff-ean sailkatu ziren unetik, joan den abuztuan, buru-belarri ekin diote irailaren 14 eta 15eko erronka prestatzeari. Eusko Label ligara, arraunaren goi mailara iristeko proba prestatzeari. Ez dute lortu, baina ez dira urruti ibili. Lehen hiru luzeetan, gainerako traineruen aurretik aritu zen Tomatera Bermeoko estropadan. Horregatik heldu ziren “bizirik eta itxaropentsu” Portugaletera. Mojasen hitzetan, “inoiz ez gara handiengandik hain gertu egon”. Itsasadarreko uretan, lehenengo luzean ere aurretik izan zen Deustu. “Ametsa hor zegoen, eskura”. Baina arraunlarien gorputzak “nahikoa”, “honaino” esan zuen, eta kito! Bi txartel zeuden jokoan, eta Galiziako Ares taldeak eta Zarautzek eskuratu zituzten. Deustuk, horrelakoetan inork gutxik gustuko duen hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Hortaz, datorren denboraldian ere TKE1 ligan lehiatuko da.

Sentsazio “gazi-gozoa” du 23 urteko Urdax Antepara arraunlariak. Kanporaketara helduta, helmugako “ate-atean” geratu diren sentsazioa. Harrotasun hitza gustuko ez duela eta, nahiago du “pozik” dagoela esatea, “eman genezakeen guztia eman baikenuen”. Ez ditu erraz ahaztuko azken asteetan eta, zeresanik ez, bai Bermeoko bai Portugaleteko uretan bizitako tentsio uneak. Tentsioaren “gainzamak” arraunlarien egunean eguneko entrenamenduan eragin badu ere, onerako izan da, “tentsio puntu horrek eman baitigu beste pauso bat emateko aukera”.

Anteparak hamar urte daramatza klubean, bost talde nagusian, eta orain arte ez du horrelako denboraldi historikorik bizi. Jon Elortegi entrenatzaileak arraunlariengan izan duen eragina handia dela aitortzen du. “Bera izan da taldeko gezi punta, gainerako guztiok egindako lana ahaztu gabe”. Taldeak ondo uztartu ditu bai gaztetasuna bai entrenatzaileak eta zenbait arraunlarik eskaini duten eskarmentua. “Izandako baja guztiekin, taldea guztiz eraberritu behar izan dugu. Garrantzitsua izan da etorri diren arraunlarien ekarpena eta taldean sartutako gazteek emandako pausotxoa”.

Zuzendaritza taldeko kideak ere bat datoz arraunlariek merezi duten aitortzarekin. “Guztiok gara protagonista”, dio klubeko lehendakariak, baina “eurak gabe ez dago kirolik, ez dago ezer”. Eta talde apala izateko, arraunlari asko ditu Deustuk. Harrobikoak eta kanpotik etorriak. Besteak beste, “erreferentzia da” Bilbo osoan eta baita lehen mailako taldeetan lekurik ez daukaten arraunlarien artean ere. Zergatik? Klubean dagoen giroagatik eta zintzo jokatzeagatik: “Arraunlariek, txiki zein handi, neska zein mutil, leku bera partekatzen dute gurean. Elkarrekin daude beti, eta horrek talde giroa sortzen du. Aspalditik ari gara klubean kategoria desberdinak jorratzen, arraunlariak beti gora ateratzen. Aldi berean, fitxaketa bereziak ditugu, lehen mailako taldeetara heldu ezin diren arraunlariak. Guk ez dugu Kaikuren edo Zierbenaren aurrekonturik, gurea murritza da eta, hala eta guztiz, etorri egiten dira gugana. Horrek esan nahi du gauzak serio egiten ditugula, gezurrik esan gabe. Argi hitz egiten dugu. Noraino hel gaitezkeen esaten diegu, eta zintzotasun hori asko eskertzen dute goi mailako kirolariek”.

Bada azpimarragarria den beste lorpen bat ere, klubaren sasoi bikainarekin lotura zuzena duena. 2018/19 denboraldian, Deustu Arraun Taldeak “hiru traineru atera ditu”. Gizonenak bi eta emakumeena bat. Hori egin duen Bizkaiko klub bakarra da. “Esanguratsua”, Mojasen iritziz. “Lan handia egin dugun seinale. Oso zaila baita hiru traineru betetzea eta mantentzea. Horretarako dirua behar da”.

Dirua falta du “argi eta garbi” klubak. “Gainerakoa badaukagu”. Horretarako, besteak beste, babesle dituen Bilboko Udala eta Tecuni enpresarekin hitz egitekoak dira klubeko ordezkariak. Izan ere, arduratuta daude, batik bat Tecuniren jarraipenarekin, eta kontuak lehenbailehen argitu nahi dituzte. Beraz, bulego lan handia dute aurretik.

Orain artekoa eta datorrena

Jon Elortegi barrikarra arraunlari handia izandako da. Hainbat Kontxa eta liga irabazitakoa. Entrenatzaile moduan ez zuen esperientziarik, harik eta 2017an Deustura etorri zen arte. “Gurekin hasi zen entrenatzen. Tranpolin bat izan gara berarentzat. Bagenekien kirolari bikaina zela, eta hiru urteotan kristoren tipoa dela jakin dugu; faltan izango dugu”. Elortegik ez du Deustun jarraituko. Hurrengo denboraldian Urdaibai taldea entrenatzeko eskaintza jaso du. Baita onartu ere. Arantzatxoa bihotzean duela alde egingo du. Deustu Arraun Taldea lehen mailan ikusi ezinda. Baina, dudarik gabe, emandako hitza beteta. Azken minutura arte borrokatuko zirela esan zuen, eta horrela izan da.

Alexander Estebanek ordezkatuko du Elortegi. Elortegik ondo ezagutzen du Esteban, eta berak proposatu zuen bere ordezko izateko. Bi funtzio izango ditu Estebanek Deustun: entrenatzaile eta arraunlari funtzioak. Biak uztartuko ditu. Castro Urdialesekoa Oriorekin arraun egitetik dator eta lehen aldiz beteko ditu taldearen gidaritza lanak.

Kezka zegoen Deustun Elortegiren agurragatik, ziklo aldaketak eragin ohi duen ezinegona. Entrenatzaile berriaren hautaketa gustuko du Urdax Anteparak. Biak arraunlariak izanik, entrenatzaile profila antzekoa izango dutela pentsatzen du, eta eskifaia barruan egoteak exijentzia maila igoko duela. Hori aprobetxatu beharrekoa da, “taldea fintzen eta ehuntzen joan ahala, datorren urtean maila berean lehiatzeko, edo pauso bat gehiago emateko”.

Aurreko denboraldian bost arraunlari galdu zituen Deustuk. “Oso garrantzitsuak” ziren bik goi mailara egin zuten alde. Aurten ere bada eskaintzak izan dituenik. “Kaikukoak eta Zierbenakoak inguruan dabiltza”, klubeko iturrien arabera. Zentzuzkoa da, Deusturen denboraldi borobila kontuan hartuta. Taldearentzat onena eskifaia bere horretan mantentzea bada ere, “ez da posible izango”, lehendakariak aurreikusten duenez. “Zaila”, deritzo. Entrenatzaile berriaren erronka izango da eskifaia berria osatzea. Jarraituko dutenekin eta etor daitezkeenekin. 

Olatua baliatu

Atseden hartzen ari dira uneotan arraunlariak. Playoff-a oraindik bero, jaso duten babes handia zelan eskertu ez dakitela. Inoiz baino gehiago mugitu den Deustuko herritarrena, esaterako, edota elkartasun eta animo mezuak helarazi dizkieten kirol taldeena. Denen artean sortu duten olatuari esker, “arraun mundua apur bat normalizatu da”. Athletic, Bilbao Basket eta Deusto K.E. taldeek sare sozialetan zabaldutako aipamenek izan dute, bai, oihartzuna. “Kirolarien arteko babes horri tiraka”, asko eta asko izan dira playoff-eko bi jardunaldiak bertatik bertara jarraitzera hurbildutako lagunak. Eta erantzun zabal horrek hunkitu egin ditu klubeko kideak.

Olatua baliatuta, hurrengo denboraldian arraunaren mundu txikia Deustun eta Bilbon zabaltzea dute erronka. Inguruan eragitea euren esparrua zabaltzeko. Antepara asmo handiko da. “Epe motzean” lehen mailarako pausoa emango dutela ziur dago. “Inbertsioa, talde sendoa eta zortea” behar dira horretarako. Osagai horiekin “pausoz pauso lortuko dugu”.