Duela urte asko enpresa baten inguruan solastea egokitu zitzaidan lankide batzuen aurrean. Finantzaketa eragiketa bat aztertu behar genuen eta enpresaren nondik norakoak azaldu behar nituen. Enpresaren kaudimena eta bideragarritasuna xehe azaldu nien lankideei. Negozio zifra onak zituen eta finantza beharrei egoki aurre egiteko arazorik ez zuela argudiatu nuen. Arazoa, aldiz, enpresaren jarduna azaltzeko eskatu zidatenean heldu zen. "Enpresak zer egiten du?". Galderak erraza behar zuen, baina ez nintzen azaltzeko gauza izan. "Enpresa industriala da, makina-erremintaren alorrekoa eta gauzak egiten ditu". Besterik ez zitzaidan bururatu. Fresatzaileakk eta bere osagaiak ekoizten zituen enpresak, baina ez nuen azaltzen jakin.
Aste honetan antzeko zerbait gertatu zait. Bilboko makina-erremintaren biurtekoa jorratu behar nuela azaldu nion lagun bati. Azokan zer nolako enpresak biltzen ziren galdetu zidan. Makinak eta halako gauzak egiten dituzten konpainiak izango zirela esan nion. Biurtekoaren zifrak ezagutzen nituen. Zenbat enpresa etorriko ziren, zelako eragin ekonomikoa izango zuen eta zenbat bisitari espero ziren. Enpresak eta BEC bera nola prestatzen ari ziren banekien. EnpresaBIDEAn argi genuen BIEMH azokari neurriko jarraipena egin behar geniola. Kontua da enpresek zer egiten zuten ez nekiela.
Blockchain, metabertso, scam eta stablecoin bezalako hitzak naturaltasunez hartu ditugu baina gure industriaren nortasunean errotutakoak, ordea, arrotzak egiten zaizkigu.
Artezteko makinak, fresatzaileak, elektroerosioa, dekoletajea, fabrikazio gehigarriko teknologia... Terminologia ezezaguna dugu. Blockchain, metabertso, scam eta stablecoin bezalako hitzak naturaltasunez hartu ditugu, baina gure industriaren nortasunean errotutakoak arrotzak egiten zaizkigu. Makina-erreminta euskal industriaren DNAren partea dela esan zuen Urkullu lehendakariak azokaren inaugurazio ekitaldian. Nago gizartearen zati handi batentzat esaldi prefabrikatua baino ez dela. Askotan errepikatzen den horietakoa, esan nahi duenari erreparatzen ez diona.
Makina-erremintako klusterreko kideen eskutik, BIEMHen parte hartzen zuten enpresen erakustokiak bisitatzeko aukera izan nuen astelehenean. Artezteko makinak, fresatzeko makinak, eta ekoizpen gehigarriko makinak erakutsi eta azaldu zizkiguten. Bilboko Biurtekoak duen balio erantsia aurrez aurreko harremanak eta makinak martxan ikusteko aukerak osatzen dute. Euskal ordezkariek atzerriko azoketan berrikuntzak aurkezteko orduan harrera oso ona izaten dutela azaldu zidaten azokako arduradunek. Esportazioa jomuga duen sektorea da makina-erremintarena, eta euskal enpresak abangoardian dagoela esan didate. Harro egoteko modukoa dela. BECen kanpoaldean, metal arloko langileak ere ikusi nituen, lan baldintzak aldarrikatzen. Euskal industriaren isla beraz, arlo guztietan.
Nago gure herria gutxi ezagutzen dugula, eta gure industria ere bai
Sentsazio onak hartu ditut azoka honetan. Zer pentsatu ere eman dit. Gure industria zein gutxi ezagutzen dugun. Teknologikoki punta-puntako enpresak omen ditugu, 4.0 iraultzaren abangoardian kokatutakoak. Nago gure herria gutxi ezagutzen dugula, eta gure industria ere bai. Duela urte asko industriarako beharrezkoak ziren makinak egiten hasi ziren Euskal Herriko beharginak. Espainiak atzerriko merkatuak itxita zituen gerra ostean. Ezin ekoizteko makinak inportatu, eta norberak egin behar izan zituen. Berrikuntza eta erresilientzia esaten diogu horri gaur egun. Bere garaian ez zuten halako berbarik erabili. Ez zuten behar. Industriari eusteko zer behar zuten bazekiten eta ekin zioten. Egin zutelako eta izan zirelako lortu dute makina-erremintako euskal enpresek duten maila.
Lehen mailako makinak egiten omen ditugu baina batzuentzat "gauzak" baino ez ditugu egiten, "katxarroak". Eta horietaz ibili naiz ni egun hauetan idazten, "katxarroen azokan".