KOMUNIKATUA

PARE Deustuko talde feministak bere gain hartu du tomatearen bahiketa eta ondorengo komunikatua helarazi dio Deustuko herriari:

Pare Deustuko Gazte Talde Feminista iraultzaileak adierazpen honen bidez bere ekintzaren berri eman nahi dio Deustuko Herriari.

Gaur egun Deustuko egunerokotasunean, jarrera sexistak edozein momentu eta lekutan ematen dira, uneoro alegia. Hau gutxi balitz, Deustuko jaietan jarrera guzti hauek areagotu egiten dira eta horregatik nazkatuta gaude. 

Nazkatuta gaude egunero erasotzen gaituztela jabetzeaz. Nazkatuta, gure eskubideak egunero urratzen dituztelako. Nazkatuta, krisi sozio-ekonomikoan emakumeak kaltetuenak izateaz. Nazkatuta gaude txanda egitean komentario lizunak entzuteaz. Nazkatuta, gure kaleetako gune ilunez. Nazkatuta gaude bileretan gizonezkoen ahotsak bakarrik entzuteaz eta emakumeenak isilarazteaz. Nazkatuta, emakumeen presentzia bermatze soilarekin jaiak parekidetzat hartzeaz. Nazkatuta gaude gure lana beharrezkoa ez dela esaten duten pertsona guztiez. Nazkatuta gaude gure buruak egunero justifikatzeaz eta nola ez nazkatuta gaude gure gorputzaren gainean estatuak eta elizak erabakitzeaz. BAI, NAZKATUTA GAUDE!

Horregatik, PAREk benetako jai feministak aldarrikatu nahi ditu. Horretarako, Deustuko jaietako ikurrik esanguratsuena bahitzea erabaki dugu: Deustuko tomatea esku artean daukagu  ez dugu itzuliko Jai batzordeak, konpartsek eta koadrilek benetako konpromiso feminista bat hartu arte.

Aurretik aipatu ditugun jarrerak erasoak dira eta ez gaude hauek pairatzen jarraitzeko prest, pazientzia agortu egin zaigu. Jaiak feministak izatea ez da soilik edalontzian zein pankartetan parekideak garela esatea, eta aurpegia horrekin zuritzea. Jaiak parekideak izatea askoz haratago doa.

Borrokatu nahi dugulako; askatasun sexualaren alde gaudelako; hitz egiteko eta erabakitzeko eskubidearen alde gaudelako; patriarkatua suntsitu nahi dugulako! Azken finean, pertsonen arteko zapalkuntzarik gabeko sistema bat nahi dugulako.

Hau guztia dela eta hitzetatik ekintzetara doan bidean segitzen dugu: Patriarkaturen kontrako gerrak dirau! jai ez-parekideei gerra, gune ilunei gerra, erasotzaileei gerra, sexismoari gerra.

 

Gora borroka feminista

 

PARE Deustuko gazte talde feminista

 

2014ko martxoaren 15a.