Egun indarrean dagoen legea haurdunaldiaren 14. asterarte era aske batean eten daiteke haurdunaldia eta 22. asterarte bai umea bai amaren osasun arazoengatik abortatu daiteke.
PPren proposamenarekin eskubide hauek erabat murrizten dira amaren iritzia kontuan hartu barik eta soilik osasun arazoak argudioa izanik. Gainera, haurdunaldia eteteko prozesua erabat konplikatzen du emakumeontzat.
Erreforma honek ez du abortoarekin bukatuko, klase ezberdintasuna baino ez du areagotuko. Emakume dirudunek, 70.hamarkadan bezala atzerrira joan ahalko dira abortatzera; baliabide ekonomiko nahikoa ez dutenak aldiz, aborto ilegalak praktikatzera kondenatuak egongo dira euren osasuna arriskuan jarriz.
Rajoiren gobernuak elizaren pentsamendu atzerakoien patroiak jarraituz agintzen du; kristautasunaren dogma aplikatuz “bizitza” eta “moral”-aren irakurketa atzerakoi eta eskuindarra inposatzen du. Espainiar Estatua ez al da estatu laiko bat?
Lege honek emakumeon eskubideak urratzen ditu. Estatuak emakumeon ordez gure gorputzaren gaineko erabakiak hartzen ditu, emakumeok erabakitzeko gaitasunik ez bagenu bezala, emakumeok infantilizatuz. Emakumeon eskubideen aurretik garatu gabeko umeki baten eskubideak lehenesten dira lege berri honetan. Era berean, araudi honek amatasuna inposaketa bihurtzen du.
Honen aurrean, ez diegu utziko lapurtzen urteetan borrokaren bitartez lortutako garaipenak. Instituzioek ez daukate zilegitasunik gure gorputza legez arautzeko. Gu geu gara gure gorputzaren jabe. Nahiz eta Gallardonek legea martxan jarri, honen aurrean altxatuko gara, emakumeok gure gorputzaz gozatzen eta erabakitzen jarraituko dugu. Elizak eta Estatuak gurekin jai daukate gure erabakitzeko eskubidea kendu nahi badigute.
Hau guztiagatik, hurrengo Apirilaren 5ean Iruñan egongo den manifestazio nazionalera gonbidatu nahi zaituztegu. Gallardonek, Rajoik eta elizgizon guzti horiek ozen entzun behar dute… Gure gorputza gurea delako, abortoaren legeari ez!
Gora Borroka feminista