Gogaituta gaude sistema heteropatriarkal honek inposatzen dizkigun legeak pairatzeaz. Jada ez dakigu zer egin samin eta gorroto guzti honekin…ala bai? Burujabe gara, gure erabakiak hartzeko gai gara, gure gorputzarekin zer egin erabakitzeko eskubidea dugu. Emakumeoi dagokigu ama izan nahi dugun ala ez erabakitzea, eta gure amatasuna nola eta noiz bizi nahi dugun aukeratzea. Noski, bizi nahi baldin badugu.
Ama, Aita eta bi seme alaba. Urdina eta arrosa. Kotxeak eta panpinak. Balleta eta futbola. Familia? eredugarria? Familia tradizionalaren gainetik gure eredu alternatiboak aldarrikatzeko unea heldu da, irribarrez bi ama, bi aita, ama eta aitarik ez, hiru ama, lau aita edo okurritzen zaigun edozein familia eredu sortzeko (edo ez sortzeko) unea, muga guztien gainetik aske izateko momentua! Horretarako, legeen, estereotipoen eta gizarte konbentzioen gainetik erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen jarraituko dugu, familia aniztasun hau sortzera bidean eredu horiek noiz eta nola sortu nahi ditugun aukeratuz.
Aske izateko borrokan jarraituko dugulako, erabakitzeko eskubidea dugulako, norbera delako bere buruaren jabe eta ez beste inor…
Abortu libre, duina, doakoa eta legala! Gure gorputza, gure erabakia! Gora irailaren 28a eta gora abortatzeko eskubidea!
PARE, Deustuko Gazte Talde Feminista