Blablabla... ZzZzZz…Paul Abasolo…Blablabla…ZzZzZzZ… Linchamiento popular… ZzZzZzZ… blablabla… No soy un enfermo, no puedo arrepentirme de unos abusos que no cometí… ZzZzZzZ… Blablabla… lo que este chaval esta sufriendo por todo lo que está pasando durante estos años no se si es casi una pena… ZzZzZzZ… Blablabla… El tiene novia ya hace años, ya tiene una pareja estable hace años… ZzZzZzZ… Blablabla…
Nondik datoz ahots horiek? Ametsetan al nago? Begi bat ireki eta ez dakit oso ondo zer ari naizen ikusten. Egoera hau da: hiru tertuliano (psikologoa, abokatua eta kazetaria) eta aurkezlea. Non dago erasotuen ahotsa? Non daude mugimendu feministaren ordezkariak? Ez, ez daude. Are gehiago, gure ahotsa isiltzeaz gain, mugimendu feminista kriminalizatzen dute, gu gara "biolentoak", "erasotzaileak", "histerikak"... Eztabaidatzeko programa bat dela diote, baina iritzi guztiek patroi bera jarraitzen dute. Horrela manipulatzen da jendartearen iritzia. Horrelakoa da gure telebista publikoa.
Birgizarteratzearen lelopean erasotzaile bat inpunizatzea lortu nahi dute. Paul Abasolo "gixajoak" 3 urte terdiko kondena jaso zuen 3 emakume erasotzeagatik. Baina bai, gixajoa Paul da, ez diogulako bere bizitza berregiten uzten. Erasotu dituen emakumeek berregin ahal izango dute beraiena?
"¿Que mas quieren hacer con este chico? ¿Que quieren hacer con el? Que se arrepienta publicamente es lo que quieren". Berdin digu bere barkamenak. Onartzen ez duguna da erasotzaile bat goraipatzea eta gainera, jende askoren eredua bilakatzea, futboleko hainbat jokalarirekin gertatzen den bezala: animo oihuak, txaloak, idolo bihurtzea, ..Hurrengoa zer izango da? Umeek bere kamisetetan Paul Abasoloren izena eramatea? Onartezina da. Lotsagarria da komunikabideek, udalak eta futbol taldeak berak horrelako pertsonei babesa helaraztea eta bere irudiaren zuritze prozesuan laguntzea. Eskerrik asko hiruroi!
Gure esker hitzetan ez ditugu bestelako komunikabide batzuk ahaztu nahi, hala nola, El Correo edo Deia. Ziurrenik, komunikabide hauen instalazioetan erasoen kontrako puntu morea ageri da. Ez da oso zaila, zelo apur batekin pegatzen duzu, eta kitto. Baina, non dago haien benetako erantzuna behar denean? Noiz ematen dute pausua pasibotasunetik aktibotasunera? Inoiz ez, ez dira bustitzen. Are gehiago, erasotzailearen konplize bihurtzen dira haien orrietan kobertura eman eta elkarrizketa egiten diotenean. Borreroa biktima bihurtzen dute.
Guk argi daukagu. Kontzentrazioak egiten jarraituko dugu, zelaira salto egiten, eta beharrezkoa denean, berak egindako erasoak ahaztu ez daitezen jarraituko dugu borrokan.
PARE Deustuko gazte talde feminista