Trataera lotsagarria

Argazkia: Ecuador Etxea (@EcuadorEtxea)

Jakingo duzue azken bi asteotan Deustun bi eraso sexista eman zirela, eta horren harira auzo elkarteekin batera kontzentrazio bat deitu genuela. Hedapen handiko medio asko agertu ziren, eta egia esan, oso pozik geunden edukitako oihartzunarekin, baina berriak irakurtzerakoan eta telebistan ikusterakoan ezin genuen sinestu: taldea eta mugimendu feminista ez zituzten aipatu ere egin, gure irakurketako esaldirik sartu ere ez, pankarta aipatzen zuten edukizko ezer esan ez bagenu bezala, zinegotziei eskaini zieten arreta guztia... Hori salatzeko, atxikitutako oharra idatzi dugu, ahalik eta jende gehienek idatz diezaien nahi dugu eta. 

Azken asteotan, sexu-erasoak etengabekoak izan dira. Zoritxarrez, horietariko asko Bilbon bertan: Errekalden eta Boluetan bana, eta bi Deustun. Udan ez bezala, ez dute medioetan izugarrizko oihartzuna izan, baina bai gutxieneko jarraipen bat gutxienez, udako jaiak gure oroimenean gertu daudelako akaso. Baina, uda osoan mugimendu feministak salatu bezala, hau ez da udako notizia: erasoak ez dira udan bakarrik gertatzen, urte osko kontua dira, eta batez ere, ez dira bortxaketetara mugatzen. 

Azken bi aste hauetan Deustun emandako erasoak, hamaika eraso sotilagok zabaldutako bidearen muturreko espresioa besterik ez dira izan. Emakumeon zapalkuntzaren gainean eraikitako sistema baten ondorio dira, lan merkatuan ematen diren bereizkeriak, harreman ereduak, kaletik lasai ibili ahal ez izatea, espazio desberdinak guretzako debekatuta egotea... diren bezala. Eraso hauetako baten kasuan bereziki nabaria zen gurutzatutako zapalkuntza hauetan oinarritutako sistema basapiztia honen hatzaparra, erasotuetako bat etxegabea baitzen. Emakumea eta txiroa. Sistemak inporta ez duen bizitza bezala seinalatua, instituzioen babesgabe, erasotua izateko bi bider seinalatua.  

Eraso hauen aurrean, Pare! Gazte Talde Feministak, beste herri eta auzo askotan egin duten bezala, kalera atera gara, baina sistema kapitalista eta heteropatriarkala eta bere ondorioak salatzera, ez bortxaketak bakarrik: egunero pairatzen dugun biolentzia da salatu nahi duguna. Zentzu horretan, atzo nahikoa oihartzun hartu zuen kontzentrazio deialdia egin genuen Erriberako auzo-elkartearekin elkarlanean, Erriberako sarreran. Oihartzun handia hartu zuen deialdia auzokideek zein mugimendu feministak bere egin eta asko zabaldu zutelako, baina baita komunikabideek hedapen handia eman ziotelako ere. Bilboko Udalak ere, mobilizazio propio bat deitu beharrean, mugimendu feministako kideok deitutako horretara joateko hautua egin zuen. Erantzun giro horrekin oso ilusionatuak geunden, beraz. Indartuta. Mugimendu feminista jendartean irabazten ari den erreferentzialtasun eta aitortza horrekin emozionatuak: ez gara gu erasoekin nazkatutako bakarrak, ez gara gu bat bera gehiago ere onartzeko prest ez gaudenak! Asko gara sistemaren aldaketaren beharra ikusten dugunak! 

Zein izan den orduan gure sumina, deialdiak hedapen handiko medio askotan izandako trataeraren ondorioz. Ez bakarrik Pare edo mugimendu feminista aipatu ere egin ez dituztelako, ez. Nahiz eta mugimendu feministari ezikusia egite hori, aitortza falta hori, baden bere horretan larria. Deialdian egindako irakurketa politikoaren esaldi bakar bat ere ez dute jaso, bertan hainbeste jende bildutako mezuak garrantziarik ez balu bezala. Pankartaren mezua bai, hori aipatu dute, berria argazki bati begiratuta erredaktatu balute bezala. Zeresanik ez gertaeraren inguruko irakurketari: “bortxaketak” eta “egoera bereziki xahurgarria”. Sistema kapitalista heteropatriarkarrak inongo aipamenik ez, bestelako erasoek ere ez... Beste behin ere, bortxatutako emakumeak edo egunerokotasunean eredu feministaren aldeko eraikuntza lan isil eta nekagarrian murgilduta gbiltzan feministok ez ginen protagonista... baina instituzioak bai. Udalak mugimendu feministaren deialdiekin bat egitea positiboa bada ere, deklarazioetan protagonismoa eurena egitea, ez. Seguruenik medio horiek ere instituzioen deklarazioak nahiko zituzten, Anjel Toña eta zinegotzienak, horiek baitira eurentzako notizia egiten dutenak. Trataera lotsagarria. Medio batzuengandik espero genezakeen, mugimendu feministaren kontrako etengabeko kriminalizazio eta desprestigiazio kanpainan murgilduta daude eta, baina beste batzuekin, dezepzionatuta gaude. Gutxi batzuekin, oso eskertuta, nola ez.  

Horregatik, dei egiten dizuegu, medio hauei kexak helaraztera. Mugimendu feminista gutxietsiko badute, ez dakiela dohainik atera! Eta nola ez, Mundu Martxak erasoei erantzuteko deitutako mobilizazioetan parte hartzera! Ea medioak finago aritzen diren! 

Zelan ez gara haserre egongo?

[Komunikatua, 2016-10-26] 

Berriro ere batu behar izan gara hemen, Erriberako sarreran. Berriro ere emakume bat bertan erasotua izan delako. Ez da bakarra izan: antzeko orduetan, beste neska bat erasotua izan zen Boluetan. Eta lehengo astean beste bat Deustun bertan. Askoz gehiago izan dira azken asteetan dela Durangoko jaietan, dela Errekalden... Feministoi beti haserre egotea leporatzen digute, biolentak garela esaten zuen Paul Abasolok El Correo eta Deiak eskaintzen zioten bozgoragailuetan... baina zelan ez gara haserre egongo?

Astero dugu eraso sexista gehiagoren berri, egunero sentitzen gara modu desberdinetan erasotuak. Etxera bidean urduri goazela lizunkeriren bat esaten digun tipoa, bilera batean ahotsa altxatuz isilarazten gaituen matxito sasi-feminista, lagunekin dantzan gaudela ipurdia ukituz graziosoarena egin nahi duen eta brometan dagoela uste duen petardoa... zenbat eraso txikik ematen diote bide bortxaketa bati? Noiz bilakatzen da eraso bat jendartearentzako salagarri? Zenbat amorru, sumin eta umiliazio pairatu behar ditugu guk 'larriegiak' ez direlako? Bai, beti gaude haserre, hainbeste erasoz ingurratuta, berezkoa dugun umorea agortu egiten zaigulako, amorrua delako geratzen zaiguna, eta egoera bortiz horren aurrean, autodefentsa geratzen zaigun bide bakarra delako.

Haserre gaude, gaur hona ekarri gaituzten erasoak saihestu zitezkeelako. Balore feministetan heziko bagintuzte, erasoen inguruko benetako lanketa bat egingo balitz, ez liratekeelako bortxaketen aurrekoak diren hamaika eraso onartuko. Eta ez ziren gehiagora joango. Baina badoaz, jendarte honetan erasotzaileak hezi eta babestu egiten direlako. Eta feministok, egunero erasotuak garen neskok, justifikatu behar dugulako gure burua.

Jendarteko zapalkuntza desberdinak elkar-harremanetan dauden heinean, are eta zapalduago, are eta aukera gehiago ditugu erasotuak izateko. Neska eta gaztea, emakumea eta txiroa... etxera bidean sentitzen bagara arriskuan, zeresanik ez iristeko etxerik ez dagoenean! Eraso sexista bat izan da Erriberan emandako hau, baina klase zapalkuntzak erraztu eta indartutakoa. Instituzioek bereizketa sozialak desagertzeko, edo gutxienez malgutzeko, ganorazko politikak balituzte, saihesgarria zen eraso bat. Zelan ez gara bada haserre egongo?    

Bitartean, guk, Pare gazte talde feministak, Erribera zein Deustuko herritarrekin elkarlanean, erasoak salatzen jarraituko dugu. Baina instituzioak ez bezala, erasoak salatzetik haratago, bortxaketa zein mespretxurik gerta ez dadin lan politikoa egiten jarraituko dugu. Pedadogia politikoa egiten batzuetan, aurpegia estali eta jarrera bortitzean bestetan!

Erasorik ez, erantzunik gabe!
Gora borroka feminista!