Azaroak 25

Autodefentsa feminista, tresna eta giltza

Azken hile honetan, eta aurrekoetan, sexu-erasoak etengabekoak izan dira. Zoritxarrez, horietariko asko Bilbon, eta batzuk Deustun bertan. Udan ez bezala, ez dute medioetan izugarrizko oihartzuna izan, baina bai gutxieneko jarraipen bat gutxienez, udako jaiak gure oroimenean gertu daudelako akaso. Baina, uda osoan mugimendu feministak salatu bezala, hau ez da udako notizia: erasoak ez dira udan bakarrik gertatzen, urte osoko kontua dira, eta batez ere, ez dira bortxaketetara mugatzen.

Azken asteetan Deustun emandako erasoak, hamaika eraso sotilagok zabaldutako bidearen muturreko espresioa besterik ez dira izan. Emakumeon zapalkuntzaren gainean eraikitako sistema baten ondorio dira, lan merkatuan ematen diren bereizkeriak, harreman ereduak, kaletik lasai ibili ahal ez izatea, espazio desberdinak guretzako debekatuta egotea... diren bezala. Eraso hauetako baten kasuan bereziki nabaria zen gurutzatutako zapalkuntza hauetan oinarritutako sistema basapiztia honen hatzaparra, erasotuetako bat etxegabea baitzen. Emakumea eta txiroa. Sistemak inporta ez duen bizitza bezala seinalatua, instituzioen babesgabe, erasotua izateko bi bider seinalatua. 

Feministoi beti haserre egotea leporatzen digute, biolentak garela esaten zuen Paul Abasolok El Correo eta Deia egunkariek eskaintzen zioten bozgoragailuetan... baina zelan ez gara haserre egongo? Astero dugu eraso sexista gehiagoren berri, egunero sentitzen gara modu desberdinetan erasotuak. Etxera bidean urduri goazela lizunkeriren bat esaten digun tipoa, bilera batean ahotsa altxatuz isilarazten gaituen matxito sasi-feminista, lagunekin dantzan gaudela ipurdia ukituz graziosoarena egin nahi duen eta brometan dagoela uste duen petardoa... zenbat eraso txikik ematen diote bide bortxaketa bati? Noiz bilakatzen da eraso bat jendartearentzako salagarri? Zenbat amorru, sumin eta umiliazio pairatu behar ditugu guk “larriegiak” ez direlako? Bai, beti gaude haserre, hainbeste erasoz ingurratuta, berezkoa dugun umorea agortu egiten zaigulako, amorrua delako geratzen zaiguna, eta egoera bortiz horren aurrean, autodefentsa geratzen zaigun bide bakarra delako. 

Haserre gaude, eraso guzti hauek saihestu zitezkeelako. Balore feministetan heziko bagintuzte, erasoen inguruko benetako lanketa bat egingo balitz, ez liratekeelako bortxaketen aurrekoak diren hamaika eraso onartuko. Eta ez ziren gehiagora joango. Baina badoaz, jendarte honetan erasotzaileak hezi eta babestu egiten direlako. Eta feministok, egunero erasotuak garen neskok, justifikatu behar dugulako gure burua. 

Hika-mika handia piztu zuten iaz beltzez jantzita eta aurpegia estalita, jarrera bortitzean Euskal Herri osoan ehundaka neskok burututako manifestazioek. Eraso zer den eta zer ez den eztabaidagai bihurtzen da jai giroan norbaiten baboseoaren aurrean planto egin eta erantzuten dugunean. Histerika eta paranoika deitzen gaituzte jarrera desberdinen atzean genero rolak daudela diogunean. Behin eta berriro zalantzan jarriak gara. Gu, gure argudioak eta gure erantzunak jartzen dira zalantzan. Gizonen monopolioa izan den biolentzia gure egiten badugu, haserre egoteari utzi eta pedagogia egiteko eskatzen zaigu. Pedadogia egiten badugu, beste albo batera begiratu, eta entzungor egiten digute. Indarkeria sexisten epaiketa sozial honetan, gu geu, erasotuak, gara eraso bat eman dela frogatu behar dugunak. Ez erasotzailea. Eman dela, gertatu dela... esamoldeak erabiltzen ditugu oharkabean! Erasoak gertatu egingo balira bezala, NORBAITEK-NORBAIT erasotuko ez balu bezala. 

Jendarteko zapalkuntza desberdinak elkar-harremanetan dauden heinean, are eta zapalduago, are eta aukera gehiago ditugu erasotuak izateko. Neska eta gaztea, emakumea eta txiroa... etxera bidean sentitzen bagara arriskuan, zeresanik ez iristeko etxerik ez dagoenean! Eraso sexista bat izan zen duela aste batzuk Erriberan bizitakoa, baina klase zapalkuntzak erraztu eta indartutakoa. Instituzioek bereizketa sozialak desagertzeko, edo gutxienez malgutzeko, ganorazko politikak balituzte, saihesgarria zen eraso bat. Zelan ez gara ba haserre egongo?         

Eraso hauen aurrean, Pare! Gazte Talde Feministak, beste herri eta auzo askotan egin duten bezala, kalera atera gara, baina sistema kapitalista eta heteropatriarkala eta bere ondorioak salatzera, ez bortxaketak bakarrik: egunero pairatzen dugun biolentzia da salatu nahi duguna. Azken aste hauetan, etengabekoa izan da erasoei eman beharreko erantzuna. Bati erantzuna eman orduko, hurrengoa mahaigainean. Erantzun eta erantzun. Kartelak egin eta jartzeko azken orduko kedadak, presaka deitutako kontzentrazioak, “zer dio protokoloak kasu honen inguruan?”, ingurukoen izugarrizko erantzuna... eta berriro ere hastera. Feminismoari lotutako hamaika kontu egin nahiko genituzke, baina hainbeste erasorekin, erantzun gurpil batean murgilduta bizi gara. Eta suminez bizi dugu. 

Hala ere, boteretu egin gaituzten momentuak ere bizi izan ditugu. Erribera sarreran egindako kontzentrazio deialdiak oihartzun handia hartu zuen, auzokideek zein Bilboko mugimendu feministak bere egin, eta asko zabaldu zutelako, baina baita komunikabideek hedapen handia eman ziotelako ere. Bilboko Udalak ere, mobilizazio propio bat deitu beharrean, mugimendu feministako kideok deitutako horretara joateko hautua egin zuen. Erantzun giro horrekin oso ilusionatuak geunden, beraz. Indartuta. Mugimendu feminista jendartean irabazten ari den erreferentzialtasun eta aitortza horrekin emozionatuak: ez gara gu erasoekin nazkatutako bakarrak, ez gara gu bat bera gehiago ere onartzeko prest ez gaudenak! Asko gara sistemaren eraldaketa beharra ikusten dugunak!

Zoritxarrez, Deustu eta Erriberako auzokideen babesarekin indartu bezainbeste sumindu ginen deialdiak hedapen handiko medio askotan izandako trataeraren ondorioz. Ez bakarrik Pare edo mugimendu feminista aipatu ere egin ez zituztelako, ez. Nahiz eta mugimendu feministari ezikusia egite hori, aitortza falta hori, baden bere horretan larria. Deialdian egindako irakurketa politikoaren esaldi bakar bat ere ez zuten jaso, bertan hainbeste jende bildutako mezuak garrantziarik ez balu bezala. Pankartaren mezua bai, hori aipatzen zuten, berria argazki bati begiratuta erredaktatu izan balute bezala. Zeresanik ez gertaeraren inguruko irakurketari buruz: “bortxaketak” eta “egoera bereziki xahurgarria”. Sistema kapitalista heteropatriarkarrari inongo aipamenik ez, bestelako erasoei ere ez... Beste behin ere, bortxatutako emakumeak edo egunerokotasunean eredu feministaren aldeko eraikuntza lan isil eta nekagarrian murgilduta gbiltzan feministok ez ginen protagonista... baina instituzioak bai. Udalak mugimendu feministaren deialdiekin bat egitea oso positiboa izan bazen ere, deklarazioetan protagonismoa eurena egitea, ez. Seguruenik medio horiek ere instituzioen deklarazioak nahiko zituzten, Anjel Toña eta zinegotzienak, horiek baitira eurentzako notizia egiten dutenak. Trataera lotsagarria. Medio batzuengandik espero genezakeen, mugimendu feministaren kontrako etengabeko kriminalizazio eta desprestigiazio kanpainan murgilduta daude eta, baina beste batzuekin, dezepzionatuta gaude. Gutxi batzuekin, oso eskertuta, nola ez. 

Mobilizazio iraunkorreko hilabete honetan, hala ere, atera ditugu ikaspen batzuk. Alde batetik, eraso orori erantzuten eta ikusgarriak ez diren erasoak mahaigaineratzen jarraitu behar dugula, guk egiten ez badugu, medio zein instituzioek estali egingo dituztelako, sistema bere horretan mantenduz. Muturreko erasoak salatuz, baina erroari heldu gabe. Bestetik, borroka honetan ez gaudela gu bakarrik: asko direla, zaretela,garela, feministokin batera kalera ateratzeko prest gaudenak. Ez soilik erasoak salatzeko, eredu sozial eta ekonomikoa aldatzeko baizik, hori delako emakumeon kontrako zapalkuntza guztiak gainditzeko bide bakarra. Eta azkenik, emakumeok izan behar dugula eraldaketa eta erantzun horren motor eta protagonista, eta autodefentsa feminista dela horretarako tresna eta giltza! 

Horregatik, Pare gazte talde feministak, Erribera zein Deustuko herritarrekin elkarlanean, erasoak salatzen jarraituko dugu. Pedadogia politikoa egiten batzuetan, aurpegia estali eta jarrera bortitzean bestetan! Sistemarekin haserre, baina lanerako gu garen bezain umoretsu!