Pare Deustuko gazte talde feministaren Ahotsak Altxatuz dinamika

Egunero pairatzen ditugun erasoak salatzeko tresna da PARE Deustuko Gazte Talde Feministak martxan jarri duen “Ahotsak altxatuz!” dinamika. Helburua, ikusezin geratzen diren edozein eraso publiko egitea da, era anonimoan.

Pareko kideok azken boladan auzoan gertatu diren eraso anitzen jakitun gara. Egunero paira-tzen dugun indarkeriaz gain, erasoak jai eta gau eremuan areagotzen ari direla badakigu. Horrela, kalean, etxean eta are gehiago osasun egoerak areagotu dituen hainbat eta hainbat espazioetan (zaintza eremuak, lana...) erasotuak gara, eta jazartuak izaten jarraitzen dugu hainbat eta hainbat momentu eta txoko ezberdinetan.

Harreman eredu osasuntsuen alde apustu egiten dugu, baita zaintza erdigunean jartzearen alde ere. Kaleak, jaiak, plazak eta gauak gureak ere direlako eta horiek ere gozatu nahi ditugulako. Horregatik, beharrezkoa ikusi dugu erasoak lau haizeetara zabalduko dituen “Ahotsak Altxatuz” tresna martxan jartzea.

> Zer da Ahotsak Altxatuz?

Ikusezin geratzen ari diren erasoak publiko egiteko tresna anonimoa da.

> Publiko egitearekin zer esan nahi dugu?

Gure sare sozialak eta kaleak erabiliko ditugula kartel eta argitalpenen bitartez eraso hauen berri emateko.

> Anonimoa dela esateak zer esan nahi du?

Inkesta honi erantzunez ez dela zure nortasunaren berri emango. Bakoitzaren esku dago zer kontatu. Horregatik ere, erantzunak ez dira nahitaezkoak, norberak erabakitzen du zer kontatu eta zer ez.

Ahotsak Altxatuz gure arteko babesa sendotzeko eta saretzeko erabili nahi dugu. Beraz, edozein laguntza behar baduzu bidaliguzu mezu bat gure sare sozialetara edo helbide elektroniko honetara: deustuparekiderantz@gmail.com. Zurekin harremanetan jarriko gara ahal bezain laster.