Gaur azaroaren 25a, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna da. PAREtik, sistema zisheteropatriarkal kapitalista honek gure aurka darabilen indarkeria oro gaitzetsi eta bortxaketaren kulturarekin amaitzeko beharra azpimarratu nahi dugu. Ezin dugu biolentzia era isolatuan ulertu, sistema oso batek baimentzen duen indarkeria gisa baizik.
Indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituen bezala, hamaika izan dira aurten ere, gizon ez izanagatik jasan behar izan ditugun erasoak. Azpimarratu nahi dugu geroz eta agerikoagoak direla gizonek, boteretik, banaka edo taldean, elkarren arteko konplizitatearekin eta inpunitate osoz egikaritzen dituzten erasoak. Egunerokoan, kalean, kuadrillan, jai giroan, eskolan, lantokian, kiroldegian, tabernan, sare sozialetan, liburutegian… Nahikoa da! Guk argi daukagu ez dagoela erasotzaile isolaturik, gizonek gizonei biolentziaz jarduteko legitimazioa ematen dieten aukerak baino.
Gazte feministok argi dugu, bada garaia guzti honekin amaitzeko, eraso hauek salatu eta hauen aurkako posizio irmoa hartzeko. Erantzuleak seinalatu eta aliatu diren horiei duten ardura har dezaten eskatzeko. Ondokoa, laguna, ezaguna, klasekidea, irakaslea, lankidea kuestionatu, seinalatu eta konpromisoak exigitzeko. Konponbide ez zareten bitartean, arazoaren parte izaten jarraitzen duzue!
Bestalde, begibistakoa da, azken urteetan sistema arrakalatzen gabiltzala, indarkeria sinbolikoa agerian utziz eta eraso orori kolektiboki erantzunez. Eta bide honetan, indarkeria matxista desnaturalizatu dugun honetan, medioek errelato patriarkal eta arrazistak zabaltzen jarraitzen dute. Komunikabideak, errelatoa desitxuratzeko eta arazoaren fokoa aldatzeko sistemaren funtsezko herramienta dira. Beraz, hauek politizatu eta salatzea dagokigu.
Honengatik guztiagatik, gaur, Deustuko, Bilboko eta Euskal Herriko kaleak hartzea dagokigu. Sistema darabilen indarkeriaren eta erasoen aurrean ozen aldarrikatuko dugu: “Bortxaketa kultura honen konplize zarete, baina lotsa aldez aldatzera doa!” Guk indarkeriarik gabeko bizitzen alde borrokan jarraituko dugu, autodefentsa feminista arma dugula. Horretarako, arratsaldeko 18:30ean Done Petri enparantzan abiatuko dugun zutabean parte hartzera gonbidatzen zaituztegu. Bertan itxarongo zaituztegu.
Gora borroka feminista !