Ostiraleko 20.00ak ziren eta Deustualdeko Gazte Feministak prest geunden pregoia entzun, txupina bota eta jaiei hasiera emateko. Bajadarekin batera eta nahi baino ohikoagoa den euriaz buztitako jai giroaz ekin genien jaiei, eta Botikazar parkera heldu bezain pronto ireki genuen txosna feminista. Bertan, ispilu handi bat eta “Denok izan gara erasotuak baina inork ez du lagun erasotzailerik, KONTUEK EZ DUTE EMATEN!” leloa gainean idatzita. Kañak jartzen hasi eta berehala, gazte feministok txosnagunean gure lekua hartu eta kontzertuko lehen lerroa gureganatu genuen. Dantza eta aldarrikapena izan ziren nagusi lehen gau horretan.
Asteburuak aurrera egin ahala, Munduko Arrozak txapelketa gastronomikoan parte hartu, kuadrillen jolasekin gozatu eta dantzarako tartea izan genuen, bai larunbatean Olatz Salvadorren kontzertuan, bai igandean Emakumeen aurreskuan ere.
Eta heldu zen jaietako bigarren ostirala, berriro ere ekintzaz beteriko giro PAREgabean. Olinpiadetan jolastu eta gaueko irrintzi lehiaketaz gozatzeko aukera izan genuen. Larunbatean, berriz, lasaiago hartu genuen eguna eta Jai Batzordeak antolatzen dituen ekintzetaz gozatzeko aprobetxatu genuen, tomatada edo playback-a tarteko.
Konturatzerako, azken igandean geunden. Bihotza hunkiturik bai Jai Batzordeak, bai Deustuko kuadrillek eta beste hainbat eta hainbat eragilek urtero egiten duten lana eskertzeko tartea hartu genuen, hitz politez eta talde argazkiz beteriko egunean. Baita gure konpartsa feministak aurrera aterako lanaz ohartzeko eta arro egoteko momentua ere.
Eta, baita ere, ebaluaketa eta autokritika egiteko unea. Jaietan sistema zisheteropatriarkalak ezartzen dizkigun hainbat zapalkuntzaz ohartzeko eta gure kontraesanak errepasatzeko momentua, eguneroko bizitzan maskulinizatutako hainbat ekintza jaietan erreproduzitzen direla ikusi baitugu: kalean, frontoian, jaigunean... Horregatik, PAREk jaietan ere hausnartzeko deia egiten jarraituko du, bizitzen ditugun zapalkuntzak jai herrikoietako plazetan hedatu ez daitezen.
Amaitzeko, esker mila gurekin batera jaietan gozatu, laguntza eskaini eta zaindu gaituzuen guztiei, baita gure txosnara hurbildu eta Bingo Feministan parte hartu zein PARE PEC txupitoa hartu duzuenoi edo beste gabe, jai feministak aldarrikatzen jarraitzen duzuenoi.
Gora Deustuko jai herrikoi, parekide eta parte-hartzaileak!
Eta... que el ritmo no PARE!