Egiteko handia da KLASIKOEN IRAKURRALDI ETENIK GABEA eta niretzat ohorea izango da euskarazko beste hainbat idazleri josirik nire izena ikustea. Hau bai topaketa ona! 2008an sortu zen Axularren Guero obrarekin, eta ordutik iragan dira Mogel, Mirande, Saizarbitoria, Urretabizkaia, Bernardo Atxaga, Aresti, Sarrionandia, Kafka, Itxaro Borda, Txomin Agirre, Lertxundi eta Mariasun Landa. Orain ni. Aurtengo urte honetan inork ez du izango nik baino poztasun handiagorik.
Gainera, irakurketaren baitan, aste osoan letradun paregabe batzuk mintzatuko dira nire obraz: Tere Irastorza eta Aingeru Epalza, maiatzaren 31n; Koldo Izagirre, ekainaren 1ean; Xabier Amuriza, ekainaren 2an. Ai ene! Euskaltzaindiaren egoitzan bilduko dira jendaurrean solas egiteko, kantatzeko eta gozatzeko, arratseko 19etatik aurrera.
Leku santua da Euskaltzaindia euskaldunen artean. O hango jaun-andreak, aitortzen dut ortografian bekataria naizela eta koplak nire ezjakintasunaren arabera eginak direla. Batzuetan idazten dut “ycena” eta bestetan “içena”, hala “vihoca” nola “vioca”, “etchia” bezala “echea”, “ny” bezala “ni”, “berriz” eta “verriz”. Edozein hitz gaizki idatz dezaket. Errukia, mesedez. Ordu hartan zen arau ezak halakoak errugabetu behar lituzke.
Halaber barkamena merezi dute nire obrako kopla batzuek. Inor ez dute mindu behar elizak, doktrinak, otoitzek eta mandamentuek. Garai hartan apaizek idazten zuten, haien munduaz, eta horren penitentzia egin behar dut. Denbora iragan da eta asko aurreratu da, baina bizi nintzen egunetan, badakizue, gauzak bestelakoak ziren. Aitzakia ez den arren, itxaropena dut zuen epaiketan salbatuko nauzuela.
Ahaztu gaizki eginak, mesedez, eta hartu onak. Gehiago jakin banu, zuzenago eta hobeto idatziko nukeen. Azken finean euskarak izan du melior fortuna sequatur (horretan argi dago ez nintzela erratu). Barkatu iraganeko pertsonon bekatu txikiak, gu ere aldatu gara.Infernuko nire adiskide preziatuak eta nik orain esaten dugun bezala, gu beti izango gara emakumeen alde.
Goazen! Goazen! Mundu guztia irakurketa handira! Orain bizi baldin banintz eta ahal banu, Bilbora joango nintzateke, jende euskaldun askoren artean egotera. Euskaltegiko adiskideekin, ikasteko gogoa duten horiekin, jurista, poeta, abokatu eta medikuak. Guztiok elkarrekin lehen obraren zati bat irakurtzen.
Antzina naiz hila, baina ekainaren 3an beste forma batean bizirik izango naiz. Nire leku honetatik, nik ere gogo honez esango dut: Euskara, jalgi adi Bilboko plazara!