Datorren asteazkenean, hilak 19, emango diogu amaiera aurtengo denboraldiari Alde Zaharreko Irakurle Txokoan. Udan etenaldia egingo dugu, baina gure asmoa da udazkenean indarberrituta itzultzea. Liburu gehiago, telebista gutxiago!
Urtarriletik ekainera hilean obra bat irakurri dugu, sei guztira: Maitasun kapitala (Karmele Jaio), Oso latza izan da (Xabier Mendiguren), Pantailen garaipena (Iñigo Martinez), Maskara baten aitortza (Yukio Mishima), Eta emakumeak sugeari esan zion (Lourdes Oñederra) eta Lurraz beste (Garazi Arrula).
Saiatu gara estilo eta garai ezberdinetako liburuak irakurtzen. Istorio bakoitzak ireki dizkigu mundu ezezagun bateko ateak, eta hantxe galdu gara arratsalde batez. Imajinatu dugu geure burua II. Mundu Gerrako Japonian, trantsizio garaiko Euskal Herrian edo etorkizuneko aro hiper-teknologikoan.
Liburu batzuk gustatu zaizkigu, beste batzuk ez horrenbeste. Are gehiago, liburu batzuk partaide batzuei bai, beste batzuei ez. Zenbat buru, hainbat aburu dio esaerak, eta gu ere halaxe ibili gara. Denon artean partekatu ditugu gure ikuspuntuak eta eztabaidatu dugu irakurritakoez.
Whatsapp talde bat ere sortu dugu, nola ez. Bertan zabaldu ditugu literaturaren inguruan jasotakoak eta antolatu ditugu gure hitzorduak: egun horretan ezin dut, inkesta bat sortu beharko dugu, X falta da botoa emateko eta abar. Zailtasunak gorabehera, baina, ez dugu hutsik egin hileroko hitzordura.
Esperientzia aberasgarria izan da. Ez diot soilik lehenengo egunean lekuz erraturik, Ronda kalean aurrerago, kannabikoen elkartean sartu eta handik marihuanaz mozkortuta irten nintzelako. Leku hura deskubritzea ondo egon zen, baina hori baino hobeto liburuen irakurketa kolektiboa egitea.
Literatura maite den lekuan, pertsonak ere maite dira. Heinrich Heine dixit. Eskerrik asko Irakurle Txokoko lagunei eta, batez ere, Iriari taldea antolatzeagatik eta Amaiari gidari lanak egiteagatik. Udazkenean, gehiago.