Ikasturtea kontu batetik bestera igaro ostean, beti arrapaladan, bada garaia kezkak alde batera utzi eta bizitza patxadaz hartzeko: hondartzara joan, eguna bertan igaro, eguzki-printzak itsasoan ezkutatzen ikusi eta etxerako bidean atuna jan eta zerbeza edan. Hori bai paradisua.
Oporren alde txarra da, oporrek alde txarrik baldin badute, Irakurle Txokoaren atsedena eta taldekideekin eztabaidatzerik ez izatea. Eskerrak gure kuadrillan Manexek beti aurrea hartzen didan eta zernahi liburu dela ere berak lehenago irakurria izango duen. Harekin beteko dut Alde Zaharreko lagunek utzitako hutsunea.
Aurten ere askotariko obrak eta debateak izan ditugu. Urtarrilean, luze jardun genuen itzulpenen gorakadaz, garrantziaz eta zailtasunez, Barkamena existituko balitz bezala liburuarekin. Otsailean, June Fernandez gurean izan genuen eta haurdunaldi subrogatuaren gai arantzatsuan murgildu ginen Aingeruak eta neskameak saiakerarekin. Martxoan, fikzioaren eta hizkuntzaren ertzak izan genituen hizpide, Hetero bildumaren aitzakian. Apirilean, Lizar Begoñaren bisita izan genuen eta belaunaldien arteko arrakalaz aritu ginen Mundu zitalaren kontra baliatuta. Maiatzean, 90eko hamarkadara eraman gintuen Deklaratzekorik ez eleberriak. Azkena, ekainean, Zebrak eta bideak izan da. Nerea Loiolaren sei narrazioek, istorioetako tragediak gorabehera, zapore gozoa utzi digute taldekide guztioi.
Irailean elkartuko gara berriro eta itzulerarako Abdulrazak Gurmah tanzaniarraren Paradisua aukeratu dugu. Ni, irakurketa imajinatze hutsarekin, hasi naiz disfrutatzen: Itzurunen irentsiko dut liburua, Manexekin komentatu, eta, ilunabarrean, Txikixako atun eta tragoarekin errematatuko dugu eguna.
Badator uda. Opor on Uriolako eta Irakurle Txokoko lagun guztioi!