Martzanako etxeak

Erabiltzailearen aurpegia Paulo Alberdi 2025ko urr. 20a, 10:05

Bilbon zein den bizitzeko gehien gustatzen zaidan gunea galdetzen didatenean, Martzana kaia erantzuten dut zalantzarik egin gabe. Erribera merkatuaren bestaldean, Zazpikaleen alde on guztiak ditu, eta alde txarrak ia bat ere ez. Martzanako etxe gehienek badute igogailua, eguzkiak gogoz jotzen du leihoetan, inguruetan badira garajeak nahiz trastelekuak.

Dena ez da urre, halere. Bilboko nire txoko kuttunean ere badituzte arazoak. Tabernen zarata da bertako gatazka-iturria, eta uztailaz geroztik honakoak irakur ditzakegu auzokideek balkoietan jarri dituzten karteletan: «SOS Martzana», «Auzoan bizi nahi dugu», «Si gritas, no duermo», «STOP Terrazak».

Ez dago arazorik gabeko komunitaterik, antza. Bizilagunak ez direnean, garraioa da gatazkarako motibo. Garraioa ez denean, trafikoa. Bestela, obrak, zikinkeria edo zarata. Esaera zaharrak dioenez, etxe guztietan txakurrak oinutsik eta, kaiko taberna modernoak tarteko, Martzanako auzotarrak ez daude problemetatik salbu: «Turismo arrasa, vecinos sin casa», «Aburto: soluzioa orain», «Kalea auzoarena».

Uriolako txoko honetatik, zarataren arazoa laster konpontzea opa diet pankartak jarri dituzten bizilagunei. Horrela kaiak nire ametsetako bizilekua izaten jarraituko du, eta galdetzen didatenean non bizi nahiko nukeen, lasai asko erantzun ahalko dut: Martzanako etxeetan, dudarik gabe!

Etxebizitzen prezioa, hurrengo baterako.