Hauteskundeek banatzen dute
bozez pena ta zorion,
gura duenak entzun dezake
bozkaemaleak zer dion.
Nafarroa Garaian pozarren
dabiltz Barkos ta Asiron,
aldaketa hasi baino ez da egin
ezin kantatu "aliron"!
Gipuzkoan berriz birziklatu da
agintean ei zen "jendaila",
zabor eta erraustegi artean
gainezka neukan urdaila.
Ikasi nahi duenak jaso du
irakaspenetan saila:
agintzen nahiko erraza dugu
aginduak ematen zaila.
Jeltzale dira hala direnez
bai Bilbo ta bai Bizkaia,
Aburtok eta Rementeriak
aldeko dute epaia.
Urteak pasa egiten dira
eta badugu garaia:
Bilbo Bizkaia euskalduntzea
horixe da neure nahia.
Merezi gabe ere zenbaitek
jasotzen du hainbat boto,
etorkin euskaldun edo beltzak
ez ei dituzte gustoko.
Hain ezberdin ikusten dituzte
"etxeko" eta "kanpoko"
auzolotsaren adibide on
Gasteiz eta Maroto.
Kopetilun ikusiak ditut
Raxoi, Cospedal ta enparau,
seguru asko gauza ederren
iragarlea dugu hau.
Madrilen Carmena bat nagusi
Bartzelonan Ada Colau,
etxegabetzeen amaiera
gertatuko ote da ri-rau!?
Keynes