Berandu iritsi naiz, hala ere, Zumiriki (Oskar Alegria, 2019) ikustera, bizitzak batzuetan irakasten baitigu egiatan bera dela gure jabe: despistatuta harrapatu ninduen estreinaldiak, kanpora joan eta euskal kultura irrati edo interneteko berrien bidez jasotzera ohitu nintzen gero, eta aurtengo beste hainbat planekin gertatu gisara, pandemia eta konfinamenduak zapuztu zidaten, ostera, pelikula ikusteko aukera. Azkenean lortu nuen, baina, Larrabetzuko Jeuntzeko ermitan, iraileko arrats baten, sailkapen zaileko lan hau gozatzea, herriko kultur bilguneak euskal sormenaren alde egiten duen esfortzu etengabekoari esker.
Luzemetrailean, Alegriak bakardadean bere haurtzaroko paraje baten igarotako asteak kontatzen ditu, duela urte batzuk errekaren erdian agerian zen irlaren aurrean, izan ere, pelikulak izena ere parajeari zor dio, zuzendariak berak proiekzioaren osteko elkarrizketan argitu gisara, gauza zehatzenek izena galdu aurretiko garaietiatik baitakar: erreken erdiko irlak omen dira zumirikiak. Gaur egun, presa baten eraikuntza medio, urak irentsi du haurtzaroko jolasen protagonista zen irla hura, eta filmaren beste elementuak bezala, lehenaldiari begirada kritiko eta poetikoa bideratzeko baliatzen du kokapena ere.
Lehen begiratuan dena da anekdotikoa filmak irauten dituen 122 minutuetan, bidaiari hasiera ematen dion behiaren gorotzetik hasita, zeinaren bila abiatzen den egilea Nafarroako paisaietan barrena, baina aitzakia besterik ez dirudiena ezinbesteko bihurtzen da laster, bidaia ekitearen zergatiak eta helburuak pisua galdu heinean, bidaiaren beraren garrantziaren mesedetan.
Zumiriki ez da pelikula ohikoa, luze iritziko dionik ere bada, baina aurreiritziak alde batera uzten dituena zuzendariak bere kameratik eskegita eramango du, denboraren bidean geratutako hitz eta ohituretan zehar, basa-animalien ezkutalekutan zehar, istorio zahar eta historietan zehar, memoria intimo eta ikusezinean barrena.Ikusleak sentituko ditu itzaltzen ari diren bizimodu eta ezagutzak Alegriaren abentura itxuraz zentzugabearekin gurutzatzen, dantza lasai etenik gabekoan, irudi, hots eta oroimenaren arteko jolasean. Zumirikin ez dago erantzunik, eta ez du egoterik nahi; ahanztura akordura ekartzera gonbidapena da.