Beste hainbeste data koka genitzake beste hainbeste komaren ostetik, ez gehiegi, baina elkar topatzeko lain bai. Eta beti sortzen da horrelakoetan, nahiz eta oroimen gogor eta kontraesankorrak izan, nostalgiaren eskutik, beste garai batzuk gogoratzeak dakarren zapore gozoa.
Ederra da norberak bizitakoak oroitzea, norbera izandakoaren irudi normalean fikzionatuak sortzea, bizi izandako emozioen zirrara sentitzea; ederra bakarrik ez, edozein talderen kohesiorako baliagarria ere bada oroimen kolektiboaren parte izatea. Behin eta berriz errepikatzeak, badakigu, errealitatea aldi berean errealago eta faltsuago bihurtzen du, ukigarriago eta epikoago, gogoangarriago.
Egun bizi dugun egoera memoria kolektibora igaroko dela argia da; nola egingo dugun, horri eman dizkiot bueltak azkenaldian. Nola gogoratuko dute belaunaldi gazteenek egungo krisialdia? Non kokatuko dute euren burua? Aurreko baten hamazortzi urte inguruko gazteak aritu ziren euren adinkideei buruz, ezkor eta kritiko. Epikoki ekarri zituzten hizketaldira laurogeigarren hamarkadari buruz entzunda dituztenak, inbidiaz, eurek bizi izan ez arren, “oroitzen” dituztelako, epika hori guztia edan dutelako.
Asko hitz egin dugu gazteez azkenaldian, gaizki gehienetan: arduragabekeria, axolagabekeria eta alferkeria gisako ezaugarriak egotzi izan zaizkie, hainbeste non eurek ere barneratu dituzten hitzok definiziotzat. Ezinezkoa zen bestela gertatzea, deskribapenek, errepikapenaren poderioz, definitzen baikaituzte, eta igarotako garaietako borroka erromantizatuak bezala, azalean itsatsita dauzkagu baita oraingo ezintasun eta akatsak ere. Dauzkagu, dauzkate.
Covida dela eta, guztiok aldatu ditugu egunerokotasuneko harreman-moldeak, lurrikara sentitu dugu guztiok oinpean, eta, beharbada, onenean, ohartu gara lehen ikusezin zitzaizkigun hainbat errealitateren existentziaz. Gizarte gisara zein erantzun eman diogun, nola jokatu dugun egunean-egunean behatu eta gerora ebaluatu beharko dugu. Zein errelato kontatuko diogu elkarri hau guztia atzean uzten dugunean (inoiz atzean uzteko gai baldin bagara, bederen)? Nola oroituko ditugu gure borrokak?
Adin nagusitu berri den eta adin nagusitzera datorren belaunaldia bada axolagabea den gazteria, beste edozein beste, esango nuke nik, bada, baita, oso gaztetatik mundu zabalarekin konexio/deskonexio jolasean hazi dena, bada, beharbada beste inoiz baino gehiago, eurek baino nagusiagokoekin ulertezintasun sakonean den belaunaldia. Beste guztiok egin bezala, jaso duten munduarekin zer egin ikasten ari direnak dira, baita ere aurreko borroketan bazterretan geratu zirenak mahai-gainera ekartzeko gaitasuna dutenak: transfeminismoaren, xenofobiaren aurkako borrokaren eta gorputz aniztasunaren ikusgarritasunaren gazteak dira, beste gauza askoren artean, gaur egungoak. Beharbada bada igarotako borroken lilura erditik kendu eta euren irudi aldarrikatzaile eta eraikitzailea sortzen uzteko garaia.