Gaia nire hirian bertan dago, baina desagertzear ari den hiriaren atal baten. Bilbon, azkenaldian, gero eta gehiago, jaitsita ikusten ditudan pertsianek eta eskaparate hutsek sortzen didate herrimin mota hori, lehen ohikoa zenaren desagerpenak dakarren tristura. Ez da, ez, joera berria honakoa, gero nazioarteko proiekzio gehiagoko hiri batetan bizi baikara, izan ere, gure belaunaldiak ezagutu dituen komertzio zaharrak garai batean izandakoaren apurra baino ez dira, nahiz eta batzuetan, nahikoa denbora iraun badute, berriz ere modara bueltatzen diren, lehenaldiaren souvenirra bailiran; paradoxikoki, hiltzen uzten dituen hiri baten lehenaldiaren souvenirra. Gaia berria ez dela badakit, baina, azkenaldian bizi dugun krisialdi latz honek (nazioarteko proiekzioa bera ere ezbaian jarri duena) hainbat erreferentzia ezabatu ditu gure kaleetatik, eta tarte bat merezi dutelakoan nago.
Ziurrenik guztioi pasatuko zitzaigun inoiz denda baten irekieraz jabetu eta, izan kale horretatik aspaldi igaro gabeak garelako, izan sekula fijatu ez ginelako, “zer zegoen lehen hor?” gure buruari galdetu izana. Aurkako erreakzioa ere bada: “geratuko gara ____ zaharrean, ados?” elkarri esaten diogunean. Oraindik ez dut erabaki zeinek erakusten duen hustasuna sakonkiago, aldaketaren aurrean iragana ezabatzeak ala iragan hori ezabaezinik pare bat belaunaldiren memorian irauteak, gerora agertu denarekin ez direlako nahikoa identifikatzen.
Nostalgikook joera daukagu lehenaldiaren bidean murgiltzeko, gehiegi erromantizatzera iritsi arte, beharbada, eta galduta sentitzen gara guregana betiko aurrizkiaz iritsi zen edo, arrazoiak arrazoi, gure baitako bihurtu den komertzio hori desagertuko dela konturatzean. Atzerrian ez dakit, baina norberaren herrian herriminez bizitzea ez da samurra.