Badoanak ez dio erantzun, azken garagardoa lasai hartzea promestu diolako bere buruari, baina bere baitarako pentsatu ditu esango lizkiokeenak: nola ulertuko duzu, ba, Tinder erabiltzea azken zazpi urteak eman badituzu harreman monogamo berean? Bere buruari leporatu dio esaldiak lagunaren bikote-aukeraketarekiko errespetu falta adierazten duela eta jarraian damutu da, baina tira, bera beste inor ez da elkarrizketa honen parte. Gainera, zer esan nahi du Tinder behar ez izateak? Modu duinago batetan topa nezakeela norekin oheratu? Bere kolkorako sutan dagoela, ondoko hirugarren batek gehitu du, “ya, jo, hain inpertsonala da gainera… aurpegiak bata bestearen atzetik, ti-ta, fisikoan bakarrik fijatzen da jendea dagoeneko”. Kaña erdira utzi du alde egin aurretik, lagunari erantzun nahi ez diolako berak azken lau bikotekideak mozkorraldietan ezagutu dituela, sakontasunaren tenplu diren taberna ilunetan, eta noizbait kostata ezagutu duela lehen topaketa hain pertsonal horren ostean gaueko bere ohekidea. “Ale, banoa, agur!” bota du, pazientziari ihes egiten utzi barik, eta buelta eman. “Agur, bai, ondo pasa!”
Badoa Tinderreko horrengana; argazkia berriz begiratu du, izena eta adina gogoratu. Elkarrizketetan jatorra zirudien, pixka bat sasi-jakintsua batzuetan, “alternatiboa naiz” esan zion horretan bezala, baina denok dauzkagu kontutxoak, ezta? Plazan geratu da zain, pixka bat urduri, lehen begiratuan ezagutuko duen zalantzan. Intuizioa dauka txikia dela, baina konplexuren batengatik argazkietan ezkutatzen saiatu dela. Pasa da minutu bat, bi, bost. Eta ez dator. Amorratzen hasia dago, mugikorrari pegatuta ez du egon nahi, baina nahi gabe dakar begien aurrera, denbora pasatzen ez dela eta mezurik ez daukala ziurtatzeko, behin eta berriz. Akordatu da behin, geratuta egon eta agertu ez zen horrekin. Lur jota utzi zuen: nor zela uste zuen, ba, bera taberna baten eserita uzteko, ordu erdiz, mugikorrari begira, gero eta antsioso eta suminkorrago? Ezezagun hark bere autoestimuari eman zion minarekin oroitzen ari denean agertu da ezezagun berria. Haserrea kontrolatzen saiatu da, ea, berandu dator eta listo, baina bazeukan abisatzea. Lasai, hamar minutu pasa dira, ez da hain dramatikoa.
Eseri dira terrazan, bata bestearen aurrean, eta kaña bana eskatu. Lanerako elkarrizketaren itxura hartzen dute horrelakoek beti hasieran, zer egiten duzu, a, ze interesgarria, zer ikasi duzu, non bizi zara, zer egin nahiko zenuke. Aurrera. Lehen roundetik onik atera ostean, badira beste batzuk, elkarri zuzenean begietara ez, baina begira, elkar neurtzekoak, ezagutu bitartean: naturaltasuna eta zuzentasuna uztartu, umoretsu agertu txoriburu izatera iritsi gabe.
Pentsatu du, jolasean ari direla, koadrilakoen antzeko esaldiak berak ere ez hain gutxi esan eta pentsatzen zituela, ezagunen batek online ezagututako bikotea zuela jakiterakoan. Zer edukiko du, ba, jendea “normal” ezagutzeko ezintasun hori edukitzeko. Ez zirudien horretarako beharra zeukanik. Eta, hara, edozein modatan bezala, aitzindari izan ziren orduan kritikatzen genituenak, eta jarraika goaz orain Tinderrera iritsi berriak. Moda hau nabarmen azkartu da elkar ukitzeko eta inguru gertuenetik at norbait ezagutzeko beharrak asegabe direnetik; harremanen zilegitasunean jerarkiaren bat haustear da oraindik, askoren ahoak ixtear, baina, pantailako argazki eta, online elkarrizketak baloratu bitartean, aurretiaz zeuden harreman moldeak zalantzan jartzeko aukera badago ere. Nola aldatzen diren gauzak.