Irribarre erraldoi zuri batek egin dizu harrera, zure irribarre txiki erdi-horituarekin erantzun dizkiozu galdera guztiak eta bazoaz gidatu zaituen txokora, esertzera. Norbait norbaitekin ezkondu dela, beste norbaitek beste norbait dibortziatu, antza badabil balea erraldoi ederra itsasoan hor nonbait, eta jana bilatzeko edozelakoak egiten dabil plastikozko irlak direla eta, desertutik ibili da norbait eta atera ditu nahikoa argazki. Zure izena entzun eta txintxo-txintxo abiatu zara bata urdinaren atzetik eskatu dizunean, beste gelara.
Aulki erdi-eroso-baina-ez horretan erdi-etzan-baina-ez zara, eta ahoa ireki duzu, inertziaz. Argi itsutzaileak erakusten dizun siluetari bakarrik ikusi diezaiokezu irribarre ederra; bataduna berehala hasi zaizu zure bizitzari buruz galdezka, eta zuk jator erantzun, ondo erakutsia zarelako; tramankuluak aho barruan oztopatzen hasi direnean urduritu zara, baina, hala ere, berak aurrera darrai, galdezka zure lanari, eguraldiari, baleei, ezkontzei eta dibortzioei buruz, zu ga-ga-ka tarteka. Mugikorra itzali dut? pentsatu duzu, beharbada deika hasiko da eta zein une txarra. Altxatu ez altxatu, mina ala hozkamina nabaritu duzu hortzoiak eta hortzak garbitzen hasi denean, baina eskuak elkarri eutsita aurre egingo diozu, joder, ez zait hau gustatzen. Gehiago garbitu behar al du hori? Hortzak garbitzen dituzu, ba. Egunero. Hemendik aurrera, hortzetako haria. Ay. Ay. Barkatu. Ay. Ay.
Aguantatuko duzun ala korrika aterako zaren zalantzan ari zarenean bota du benetako galdera: “nola konpontzen zara honekin?” eta atera du bere txokotik tresna berria, orratzez betea erraldoia, zure kolkorako hau ez zait ahoan sartuko, zer egingo du honekin, zergatik, ez dut hau behar, nik ez daukat minik, ez ez ez mesedez ez, kendu hortzak mesedez, jarri gezurretakoak pentsatu baina heziera onez eta ahoa burdinez beteta, gah erantzun duzu, zure onerako da, ezta? Irribarre zuri ederra erakutsi dizu eta beste mila irribarre eder eta zuri eta zabal agertu dira berearen ondoan hegaka, zuk eskuak elkar ezabatu beharrean dituzula, hainbeste igurtziaz, eta hurbildu dizu zera hori ahora, zarata ateratzen du, zuk irribarre txiki txatxua eskaini bitartean eta bera egindako bidaiaren bati buruz ari zaizula, aho perfektua, hortz zuriak erakutsiz hurbildu du tramankulua gehiago baina badakizu ezetz eta ezin ezer esan, zure onerako da, orratzak ikusi dituzu zure hortzetara hurbiltzen, baina zer egin, osasuna da, eta hala ere, ez dut nahi, ez dut nahi, ez dut nahi….
Bat-batean esnatu da, izerditan, EZ! ohiukatu du gelaren hustasunean, konturatu den arte amesgaiztoa besterik ez dela izan, eta, erdi urduri erdi lotsa, etzan da berriz, baretuta, burkoaren gainean. Derrepente ireki ditu begiak:
- Joder, bihar dentista