Oraina espazioan kokatzera, iraganez blaitu eta etorkizunarekin batera marraztera gonbidatu gintuen bikoteak atzo antzerkira hurbildu ginenoi, kantaz, poesiaz, irudiz eta freskotasunez atondutako emanaldian, Szymborska eta Adornoren eskutik, besteren artean.
Poesia zer den galderari ate irekia mantentzea dela erantzun zion Astizek, adierazi nahi den horretan arrakala bat irekitzea, entzulea bertan sar dadin, jaso eta bere egin dezan. Poesiaren, zentzua, hortaz, erantzuna inoiz ez bukatzea omen da, zirkulua zabalik mantentzea. Poetaren, artistaren, eginkizuna, bitartean, arteak bera topa dezan lanean jarraitzea da, ez baitu gizakiak poesia topatzen, alderantziz baizik.
Artearen teorizaziotik abiatu zen ekitaldia, baina Erromara ere abiatu ginen, konfinamenduko auzokideekiko konplizitatera eta Zaldibarrera. Herio bera ere hizpide izan zen taulagainean Basagurenen ahotik, ezinbestekoa baita hark zein daukan lagun ez ahaztea. Garai ilunak, errealitate bihurtu diren poliziaz beteriko etorkizun beldurgarriak pentsatu genituen besaulkitik; oroitu genuen nola lehenaldiko soinuak, mailukadak eta mekanika, soinu elektronikoengatik ordeztu ditugun, datu-base erraldoien burrunbagatik, etengabeko zaratagatik, musikadun iragarkiengatik eta iragarkiek etendako musikagatik, proiektatzeko horien guztien lekua imajinatzea arrotza ez zaigun etorkizun apokaliptikoan, itsasoaren hondoan.
Eta, izenburura bueltatuz, azaldutakoak poz gutxirako espazioa uzten baitu, orainari gorazarrea ere izan zen atzokoa. Etorkizun itxaropentsua iragarriko zituen irudiak oparitu zizkigutelako, eta, gainera, ordu eta laurden antzoki ilun baten ahotsez, kantez, poesiaz eta ideiez benetan disfrutatzen egoteari paradisuan egotearen pareko deritzodalako, beharbada orain inoiz baino gehiago. Behar genuen, bai.