Eseri, arkatza zorroztu, orri zuriak eragindako angustiari aurre egin intentsitatezko begirada entseatuarekin. Altxatu, kafea egin, komunera joan, ur, gazta bila. Eseri berriz. Sakontasuna begiradan. Eraikitako ideiak ke bihurtzen direla lekukotu; garuna uzkurtu kea sendotu nahian.
Zuritasuna ezabatzeko zirriborratu, zikindu, idatzi, gelditu; marrazkitxoa egin koadernoaren izkinan, lauki bat, beste bat… ameskizunetik esnatu, marrazkitxodun papera alde batera uzteko erabakia hartu eta teklatuan pausatu hatzak, zentratuta, hitzak bata bestearen atzetik, bor-borka. Beltzarekin hustasuna ezkutatu.
Ahotsa bilatu. Irmoa pedantea izan gabe, didaktikotik at, emozioak kontrolatu, histerismorik ez. Bilatu gabeko sakontasuna landu; orraztu gabeko itxurako ileapandegietako modeloen gisako naturaltasun gogoetatsua. Idatzi.
Taka-taka-taka-taka-taka-taka-taka-taka-puntua.
Hasperena egin. Hitz kateatuei so geratu, kateak hautsi eta eraiki, atzetik, aurretik, testua eraitsiko ez duten zuzenketak egin. Altxatu, kafeari zurrut egin, ilea hazkatu, berrekin, berregin. Ikuspegiz aldatu, erratu, puntua, koma, puntu-koma… pare bat ergatibo aldatu, adjektiboz loratu, gehiegikeriarik gabeko edertasuna bilatu.
Zure burua zalantzan jarri arte testua berrirakurri, ezer ez ulertu arte birpasatu, testuak zentzu printzarik ez duen arte higatu. Negar egiteko gogoari eutsi; eta orain bai, begirada hitzen gainetik berriz igaro ezin duzunean, titulu orijinalaz apaindu