Ghostingak

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Ugalde 2022ko ots. 16a, 09:32

Etxeren bat hustu izan duenak badaki ezertarako balio ez duten gauzak pilatzeko joera daukala gizakiak, dirudienez. Kaxoiak ireki eta ireki, hara non agertzen diren ustez inoiz aurretik ikusi gabeko objektuak, gutxien behar direnean.

Gauza handi eta txikiak, altzariak eta norbaitek inoiz bidai batetatik ekarritako opariak, urteetan ate-ostean ezkutuan eduki zenituen baldak, noizbait josi nahi zenuen handiegi daukazun praka, edo zeinek daki noiz ze jaietatik ekarri zenuen edalontzia. Pasa dira lagunak zure etxetik interesen araberako garbiketa egiteko, gorde dituzu senideenetan mahai eta aulkiak, eraman dituzu bigarren eskuko dendara apalak eta plantxaren taula, baina, hala ere, badauzkazu gela batetan pilatuta mesfidati begiratzen zaituzten soberakinak, zain.

Internet irekitzeko aukerak salbatu zaitu, soberan daukazuna beste norbaitek erabil baitezake horrela, zu, bitartean, lasai. Altzari guztien artera sartu eta hasi zara argazkiak ateratzen, altuera/zabalera/sakonera neurtzen, finkatu diozu prezioa eta badoa, gora. Ez duzu asko itxaron behar izan “noiz joan naiteke bila?”, “salmentan jarraitzen du?” bezalako mezuak jasotzeko, beharbada “kaixo, guapa”ren bat ere, bekaina altxarazi dizuna. Hau ere ligatzeko erabiltzen da, hara.

Txukun-txukun erantzun diezu guztiei: bai, oraindik hau salgai dago; astearte arratsaldean gera gaitezke hura saltzeko; argazkian dirudiena baino ilunagoa da bestea.

Eta zain geratu zara, erantzunaren zain. Afaldu, pelikula ikusi eta bazoaz lotara: astebete inguru barru etxea hutsik izango duzu, finean. Azken begirada eman diozu mugikorrari lo egin aurretik, erosleen erantzunen zain, baina ezer ez. Goizeko emozioaren zantzurik ez da.

Egunak joan egunak etorri, berdin diraute mezuek, isilik. Ez duzu ulertu hasieran, haserretu zara gero, eta amorrua adierazi diozu azkenik beste aldekoari. Orduan gogoratu zara eduki zenuen maitale hartaz, hainbeste gustuko zenuenaz, utzi zintueneko larunbat gauetan bidali zenizkion mezu patetikoez eta hurrengo igandeetako barkamen eskaera are patetikoagoez.

Gauerdian jaitsi dituzu, banan-banan, salmentan dituzun altzariak etxe azpiko kontainerrera.