Sinestesikoarena

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Ugalde 2022ko mar. 18a, 14:03

Abesbatzarekin entseatzen hasi eta berehala jakin dut akabatua nagoela. Agur orain arte izan naizenari. Pentsatzen nuen istripuaren ondorioak ez zirela agerikoak izango, kolpea jaso nuen buruan, eta medikuek esan zidaten dena zegoela behar zuen lekuan. Ez zekitena zen ni ez nintzela besteak bezalakoa, banuela beste zerbait. Banuen. Orain soinu ederrek betetzen dute airea, magia galdu dut.

Nire ahots dardartia batu diot lokala betetzen duten ahotsen melodiari, eta sendotasuna galdu dudala konturatu direnen begirada arduratuari eskua paparrera eramanez erantzun diet, badakizue, eztarriak ez du barkatzen.

Begiak malkoz bete zaizkit orain desguazean dagoen kotxean entzun nuen azken kantari hasiera eman diogunean; komunera noa. Nor zara zu? galdetu diot ispiluaren beste aldetik begira neukanari. Desagertu naiz, bat-batean, horrela, besterik gabe. Ezin da izan, ez, ez ez. Saiatu beharko naiz, ziurrenik behin-behineko shocka besterik ez da izango. Begiak itxi. Imajinatu bizitza osoan jarraitu zaituen sehaska kanta hura, ezagutzen duzu, eta badatoz, badatoz… ez, ez datoz. Abandonatu naute beti inguruan nituen koloreek, soinuekin dantza egiteari utzi diote nire baitan. Ireki ditut begiak. Nor naiz?

Abesbatzako kideek elkarri begiratu diote itzuli naizenean: haiek bazekiten istripuaren ondoren ez nintzela bera izango, sentitzen ditut haien arteko xuxurlak ospitaleko nire egonaldi bitartean. Puztuta agertzeko ahaleginek gutxi iraun didate, eta orain erraldoiaren erorketa gozatzeko ari dira prestatzen, tsunamiak eragiten duen desastrea pantailaren bestaldean palomitekin lekukotzen duenaren gisara.

Entsaioa bukatu eta guztia izan dira zorion hitzak: ederra izan da, pozten gara bueltan edukitzeaz… begiek ñir-ñir egiten zuten esaldion azpian; badakite. Hurbildu zait denetan harroena, galdezka: ta, Jaione, itzuli zarenez, esaiguzu: zein kolore margoztu ditugu gaur? Erantzun aurretik jakin dut fraudea naizela: laranja, berdea eta beltza. Txalo zaparrada kolorgeak estali du guztia.