Ez du zertan astelehena izan astelehena izateko. Batzuetan asteazkenetan iristen da hain astelehenetakoa den hustasun sentsazio hori, hau zertarako galdera burura etorri eta absurdotik kanpoko erantzunik topatu ezean, edo ostegunetan, edo larunbatetan, nahiz eta gizarteak guretzako dituen ihesbideak eskurago izan asteburuetan.
Egun horietan zerbaitek harrapatzen dizu barrena, eta zure baitara biltzeko tentazioa edo beharra daukazu; ezin beste inora begiratu. Eta pentsatzen duzu nola saihestu sentimendu hori, nola egin ihes: pelikula bat, paseo bat, kozinatu, lagunekin egon, zinema, jan, edan, irakurri, erre, oihukatu, negar egin, honako edo halako pastilla hartu, igeri egin, korrika, telesail bat, zapatak erosi, makillatu, masturbatu, parranda bota, yoga egin, ohetik ez altxatu, ilea garbitu, kandela bat piztu, mozkortu, inoiz erabiltzen ez duzun alkandora hori jantzi, labadora jarri, tripako mina izan arte gominolak jan, siesta egin, afeitatu, larrua jo, lehenaldia nostalgiaz gogoratu, ispiluan begiratu, margoztu, dantzatu, izkutuan emozionatzen zaituen abesti kursia behin eta berriz entzun, azazkalak jan, bizikletaz atera, haserretu, mezuak idatzi zutaz paso egiten duen lagun horri, drogatu, papiroflexia egin, aspiradora pasatu, kitarra jo, abestu. Eta beharbada zerbaitekin lortuko duzu barrenak estutzen dizkizun eskutik apur bat bada ere askatzea, baretzea, eta zentzuzko zerbaitetan zabiltzanaz auto-konbentzitzea. Beharbada ez, eta astelehenantzeko eguna pasatzea besterik ez zaizu geratuko, hurrengo egunean bizitzak beste aurpegi bat erakutsiko dizulakoan.
Aurrerantzean, abisurik gabe kolpatuko zaituzte egun horretako irudiek, supermerkatuko ilaran zaudela lotsak hartuko zaitu mozkorraldian lagunari esan zenizkionak gogoratuta, edo bidalitako mezuak erantzuteke jarraitzen dutenaz ohartuta; besteren baten, lankideekin hilabeteko bileran zaudela gogora etorriko zaizu, eskatu gabe, zure irudia ispiluan, edertasun kanonikoa performatuz posatzen, eta hurrengo egunean ezabatu zenituen argazkiak, eta, zure azazkal txikituei begira, zalantzan jarriko duzu helduaro funtzionala aurrera ateratzeko duzun gaitasuna, oraindik ere; beste behin, gurasoen etxera bonbila baten bila joan zaren egun horretan, ikusiko duzu zure burua ohean botata patatak jaten, edo futbol partidari begira, sutan, kolpeak emanez hara-hona pantailari oihuka, eta lotsaz onartuko duzu, beharbada, hori ere bazarela eta noizbait itzuliko dela.
Eta ordurako ez duzu jakingo futbolari, zabor-janari, azazkalak jateari, edertasun kanonei, zutaz paso egiten dutenei, mozkorraldiei eta beste pildora horiei guztiei zerbait eskertu behar diezun, edo kontrakoa.