Geratzen den Bilboko harresi puskaren aurrean egiten dut lan. Honek ez luke esanahi berezirik izango, ez balu esan nahiko turista taldeen eta freetourren beharrezko geldialdi baten aurrean lan egiten dudala. Bost, hamar, hamabost, hogei, hogeita hamabosteko taldeetan gelditzen dira turistak kalean, gidariaren begirune mailaren arabera erdi-erdian edo apur bat bazterrerago, eta entzuten dituzte haren azalpenak, txintxo-txintxo. Ez diet inoiz galdetu, eta interesik ez daukat, egia esan, baina imajinatzen dut dezepzioa hartuko dutela harresian gelditu eta harrizko pareta normaltxu baten aurrean paratzen dituztenean, baina tira, zaharra izatearen sinbologiak asetuko du baten bat.
Kontua da egunean hamar bat aldiz entzuten ditudala azalpen horiek. Honek esan nahiko luke asko dakidala harresiaz eta Bilboren hastapenetako historiaz; sorpresa gutxi hartuko du edozeinek hala ez dela jakinda. Mila aldiz entzun ditut dagoeneko Don Miguel de Unamuno intelektual eta demokrata handiaren (sic) nondik norakoak, Patxi ez-dakit-zer badakit-zer txisteak, euskal kirolak barregarri uzteko komentarioak, Athleticen banderari gorazarrea bandera aldarrikatzaileez betetako kale baten, taberna bateko edo besteko pintxoen publizitate merkea, eta halako beste hainbeste.
Historiaren ingurukoak gutxi, orain arte ikasi ditudanak ahotsaren modulazioaren ingurukoa dira gehienbat, altuegi hitz egiten duena entzulearentzako desatsegina suertatu daitekeela, eta gehiegi entseatutako diskurtsoa botaz gero igartzen dela, beti. Ikasi dut baita bisitari eta turisten eraginaz jabetzen, nahita edo nahi gabe. Ez dakit haiek horretaz konturatuko diren, gidak kontatzen dizkien anekdota guztien lerroartean irakurrita, ez dakit ni ere jabetzen naizen edonora noanean. Eta edonon edonori gertatzen zaion bezala, beharbada turista horiek etxera joango dira Bilbo hobeto ezagutu dutenaren sentsazioarekin; ezagutu duten Bilbo nirea dena denik, hori, ez dakit ba.