Izan ere, ez da asko konturatu naizenetik ez naizela gai zapatak nire tamainakoak noiz diren jakiteko. Gogoratzen ditut gurasoak zapatak erostera joaten ginenean, atzamarraz oinaren punta sakatu eta keinu ziurrak egiten zituztenean: “ez, hau txikia da” edo “honek bai, ondo
ematen dizu”. Haiekin konparatuta, galduta nabil ni dendetan, zapatak apur bat txiki, apur bat handi ditudanaren sentsazioarekin geratzen naiz beti, eta dendatik ahalik eta lasterren atera besterik ez dut egin nahi.
Lagunaren komentarioarekin batera, barre ekidinezinez gain, disfuntzionaltasun zenbat kasu ditudan ohartu nintzen: bazkaltzen duenero alkandoran tanta bat edo besterekin zikintzen duen laguna, leku batera iristeko denbora neurtzeko gai ez dena, hiru segunduro boltso
barruan giltzak galtzen dituen bestea, urduri dagoenean ilea konpultsiboki mozten duena, artazkiekin orri bat txukun mozteko gai ez dena... inguruan baditut heldutasunaren irudian sartzen ez diren hainbat adinkide, urteetan gora joanda ere eguneroko bizitzako txikikerietan
kateatuta geratzen direnak.
Horrelakoek sentiarazten didaten samurtasunaz aparte, polita iruditzen zaidalako ikustea gizatasunak bidea nola egiten duen serio plantak egiteko gure saiakerei izkin eginez, zertxobait lasaitzen nau pentsatzeak heldu izatea beharbada ez dela heldu itxura ematea baino askozaz gehiago. Denok omen gara ume, dio kide batek, baina inprobisatzen.
Ziurrenik gure gurasoek ere ez zekiten zein zen bakoitzari ederki ematen zion zapata, dendatik irteteko gogo biziz izango ziren eurak ere, baina ziurtasuna adieraztearekin euren burua konbentzituko zuten baietz, bazekitela. Ederra deritzot umetako erreferenteak, heldu izanagatik ere, zalantzati eta zaurgarri ere bazirela konturatzeari; are, gaur ere halakoak direla jakiteak gertuago daudela sentiarazteari.