ESANAHIA

Erabiltzailearen aurpegia Idoia Ugalde 2025ko mai. 13a, 11:02

Hitzik gabe utzi nau. Plaka beltza horma argiaren gainean. Txukun, garbi, distiratsu. Hiri honetako edozein kaletan topa ditzakezun kartel-pankarta-pegatek baino kalitate askoz hobea dauka, eta hala ere, irakurri dudanean ezin izan dut dakarren zabarkeria sinetsi.

Bazen behin Esperantza frontoia deitzen zen frontoi publiko bat, auzoak bere sentitzen zuena, traba askorik gabeko sarrera zuena, eta bazen behin, horretaz gain, Alde Zaharreko haurren liburutegi publiko bat, langileen lan baldintzak zaintzen zituena. Baziren behin bi-biak, bai.

Orain, bada eraikin zuri garbi itxia, udalak azpikontratatutako enpresak kudeatzen duen liburutegia, kaletik ikusteko ezinezkoa den frontoia, euren artean komunikaziorik gabe aritzen diren hiru arlorekin kontaktuan jartzea eskatzen duen eskaera-sistema.

Eta orain, plaka. Pentsatu dut jarri duenak ez duela esaldia ulertu, eta ulertu badu, broma makabro bat egiten ari dela, herritarron eta liburuzainen kontra. Langileak zerbitzuaren publifikazioa eskatzen ari den kanpainia betean daudelarik, Esperantza meharra dela dioen poema pareta hauetan eskegitzearen aitzakia bakarra utzikeria da. Edo lotsagabekeria, oraindik ez dut erabaki.

Esaldia aukeratu duenak ez dakit, baina nik behintzat ez dut plakaren helburua harrapatu. Omenaldia da? Nori? Arestiri, poema baten zati bat inolako testuingururik gabe eta irakurketa guztiz literala egin dena argi uzten duen kokalekuan jarrita? Esperantzari? Edo esperantzari? Zeren/noren izenean? Euren buruari?

Helburuak helburu, horrelakoek argi uzten dute badela hitzek esanahirik izango ez balute bezala pozik bizi dena. Ez kaleen hitzek, ez gizadiaren hitz potoloek, ezta Arestirenek. Eta, haratago, kaleek, langileen borrokek, publikotasunaren aldeko aldarriek esanahirik izango ez balute bezala. Horrelakoek argi uzten dute badela plaka distiratsu batek hori guztia ezabatzea nahiko lukeenik.

Ea noiz tapatzen duen norbaitek plaka distiratsu hau pegata zentzuzko eta itsusiago batekin.