Etxegabetzeen aurkako dekretuaren eta etxebizitza arazoaren gaineko hausnarketak: langile klasea salbatzeko ala espekulazioa berraktibatzeko neurriak?

Erabiltzailearen aurpegia Alogerekoak Etxebizitza Sindikatua, AZET Etxebizitza Sindikatua, Batu Elkarlaguntza Sarea, Galdakaoko Etxebizitza Sarea, Zorrotza Harrera Herria. 2021ko ots. 24a, 12:57

Iragan urteko abenduaren azkenetara onartu zen “etxegabetzeen aurkako dekretu” izenez ezagutzen dena Espainiako Estatuan, langile klasea salbatzeko neurria bailitzan emanez beronen berri, zalaparta handiz. Alabaina, patxadaz aztertuz gero, eta halakoetan gertatu ohi den legez, urrutiko intxaurra gerturatu eta lau. 

Testu honen asmoa ez da puntuz puntu aztertzea dekretuaren arau bakoitza, hainbat agente sozialek mahaigaineratu baitituzte dagoeneko askotariko kritikak: puntu askoren erredakzioaren gaineko anbiguotasunetik hasi (adibidez, zaurgarritasun kriterioei, jabetza publikoari edota okupazioari dagokionez), eta epe-laburrera begirako partxe izaeraraino -aldi batez bertan behera uzten ditu zenbait etxegabetze, baina ez du proposatzen inolako neurri zehatzik etxebizitzari dagokionez bizi dugun pobretze egoerari aurre egiteko-. Kontrara, aterabiderik proposatu ez eta sinpleki arazoa denboran atzeratzen duen dekretua denez, nahi dugu hemen azpimarratu zein diren kezkagarrienak iruditzen zaizkigun neurriak eta zergatik uste dugun arrazoi bat gehiago direla gure auzo eta herrietan etxebizitzaren aldeko borroka aktibo mantentzeko.

Dekretuaren neurrien artean, bereziki kezkagarriak dira etxejabeentzako konpentsazioak -etxejabe txikiei eta handiei, izan horiek pertsona fisikoak edo juridikoak (enpresa, banketxe eta funts putre, alegia)-. Dekretuan aurreikusten da etxegabetze bat bertan behera utziz gero, fondo publikoekin konpentsatuko direla etxejabeen “galerak”, horiei alokairua ordainduz merkatuko prezioan. Esan nahi da: neurri hori, ordaindu ezin duten maizterrentzako laguntza gisa mozorroturik, berez esku publikoetatik pribatuetara egiten den diru traspasea da. Beste behin ere, galeren sozializazioaren eta onuren pribatizazioaren mekanismo klasikoaren aurrean aurkitzen gara. 

Agente politiko eta sozial hainbatek jada salatu dute neurri hori, baina xehetasun interesgarrienaz gutxi hitz egiten da, eta da nondik ateratzen den diru publiko hori: azken Estatuko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako Etxebizitza Planetik. Etxebizitza alorrean, aurrekontu horiek inbertsio material handia aurreikusten dute sektorean, etxebizitzen birgaitzeen eta 20.000 etxebizitza berriren eraikuntzarekin (Plan 20.000 deitua). Plan horren arazo nagusia da bere zimenduak oinarritzen direla leunki hitz eginez “kolaborazio publiko-pribatu” bezala ezagutzen den horretan, zeinak praktikan esan nahi duen finantziazioa izango dela publikoa eta egitea (eta irabaziak) pribatuak. Alde batetik, aurekontuak barne hartuko du eraikin pribatuen birgaitzea - energetikoki efiziente bilakatu daitezen-, eta horrek ziurrenik eragingo du beren merkatu-prezioa igotzea; bestalde, Plan 20.000-k aurreikusten du Estatuak doako lur publikoak eskainiko dituela eta abala emango diola 20.000 etxebizitzaren eraikuntzarako finantziazioari. Eraikuntza horietaz kargutuko liratezke enpresa eraikitzaileak eta sustatzaile pribatuak, eta azken horiek konpromisoa hartuko lukete etxebizitzen alokairuak kudeatzeko, prezio murriztuekin lehen 75 urteetan, eta hala ere irabaziak ateraz. 

Krisi sistemiko eta langile klasearen txirotze momentuak ari gara bizitzen, eta etxebizitza arazoa biziraupenerako eHau da: etxebizitza alorrean plan iraultzaile gisa saltzen dena, ustez klase apalenek etxebizitza eskuratzeko daukaten arazoari erantzuteko diseinatua dagoena, egiatan higiezinen eta eraikuntzaren sektoreak erreskatatzeko plana besterik ez da. Are, erreskate plan horri gehitzen badizkiogu “etxegabetze dekretuak” aurreikusten dituen konpentsazioak banketxe, enpresa eta funts putreentzat, bere osotasunean ulertu dezakegu gobernuaren estrategia etxebizitzari dagokionez: higiezinen espekulazioa indartzea eta burgesiaren jabetza handia defendatzea eguneroko borroka ari da bilakatzen desjabetuontzat. 

Horren aurrean, etxebizitza desmerkantilizatzearen alde apustu egin eta etxebizitza eskubidea unibertsala izan dadin aldaketa erradikalak bultzatu ordez, azken neurriekin -bai estrukturalekin (etxebizitza aurrekontuak, adibidez) zein koiunturalekin (“etxegabetzeen aurkako dekretua”, kasu)- badirudi gobernu “progresista” kontrako norabidean ari dela: higiezinen burbuilaren eta bizitzaren merkantilizazioaren erantzule diren higiezinen eta eraikuntzaren sektoreak indartuz, eta jabeen klaseari botere ekonomiko eta sozial gehiago emanez. 

Guzti honen aurrean, berresten gara herri eta auzoetako borroken aldeko apustuan, jakinik etxebizitza duin batera sarbidea ez digula oparituko ezein gobernuk, ezta inolako instituziok. Badakigu desjabetuok geure bitarteko propioekin konkistatu beharreko eskubidea dela, elkartasunaren eta klase borrokaten bitartez.