uriola.eus

Deustuko tren geltoki zaharra eraitsi du Udalak

Erabiltzailearen aurpegia   Udal gaiak

Joan den urtarrilaren 23an hainbat deustuarren sakelekora ziztu bizian zabaldu zen mezua. Tren geltoki zaharreko eraikina eraisten ari zen hondeamakina bat. Antzinako Deustuko azken eraikinetako bat botatzen ari zen hainbaten sorpresarako. 

Ramon y Cajal kaleko eraberritzeko Auzokide Plana 2016-2019ren baitan dago eraisketa hau, izan ere, 112 aparkaleku berri aurreikusita daude trenbideko errailak eta bi geltokiak zeuden tokian.  Horrela, 2013an Ramon y Cajal amaierako atzealdean egindako 225 aparkalekuei jarraipena emango zaie.

Auzokideen artean iritzi kontrajarriak daude. Batzuk aparkaleku berrien beharra azpimarratzen duten bitartean, beste batzuk haserre bizian daude ondare historikoaren zati zen eraikina botatzea erabaki duelako Udalak. Egoera honetan askori bururatu zaion galdera honakoa da: ez ote zen posible aparkalekuak egitea, plaza gutxiago, geltokia bota gabe?

Beste polemika puntu bat aparkalekuko sarreraren kokapenaren inguruan piztu da. Duela urte eta erdi inguruko bizilagunak batzar batera deitu zituzten. Bertan 60 lagunetik gora bildu ziren, Ramon y Cajal kaleko eta Lagun Etxeako auzokideak, besteak beste. Trenbide zaharrean egitekoak ziren obraren plano batzuk erakutsi zizkieten batzar hartan, baina bertaratutakoei ez zieten argazkirik ataratzen utzi. 

Hasierako planaren arabera, proiektuak geltokiko zubiaren eraisketa aurreikusten zuen, eta kotxeen igoera unibertsitateko apeaderoaren aldetik. Azken albisteen arabera, aldiz, eta zubiaren eraisketa oso garestia delako, autoak Buenavistako igoeratik sartuko lirateke, oraingo Caritasen etxearen ondotik. Azken orduko albiste honek Buenavistako eta Lagun Etxeako auzokideak kezkatu ditu, orain arte oinezkoentzat bakarrik izan den bidea erabat aldatuko duelako, ekar ditzakeen zarata eta arriskuengatik.

 

Erakundeen ezintasuna

Bost geltokiren babesaren inguruan itaundu zuen 2014an Estitxu Breñas EH Bilduko legebiltzarkideak Cristina Uriarte Kultura sailburua; tartean zegoen Deustukoa. Uriartek, orduan, “tokian tokiko babesari zegokion ondarea izaki, Bilboko Hirigintzaren Katalogoaren baitan” txertatzeko proposamena luzatu zuen. 2015ean, 1.Barrutiko Kontseiluko batzarrean PPko Angel Rodrigok “Deustuko geltoki zaharraren balizko babes arkitektonikoaren inguruan informazioa” eskatu zuen. Kontseiluko presidente Asier Abaunzak, egun Hirigintza zinegotziak, erantzun zion “eraikina babestu asmoz Udaleko Ondare zerbitzua harremanetan zegoela Eusko Jaurlaritzarekin”. Bistan denez, erakundeak ez dira geltokia mantentzeko behar beste arduratu. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa