Athletic

Athleticek tinko jarraitu nahi du lidertzan

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko urr. 18a, 10:26

Argazkia: athletic-club.net

Athleticek lidertzari eutsi nahi dio, eta horretarako Ligako 6. jardunaldian Collerense mendean hartu beharko du. Igandean (urriak 19) 11:00etatik aurrera Ca’n Caimari futbol zelaian talde mallorkarra izango dute arerio bizkaitarrek. Liga hasierako sentsazio eta emaitza onei segida emateko intentzioarekin bidaiatuko du Fuentesek gidatutako taldeak.

Zuri-gorriek orain arteko partidu guztietan garaipena lortu dute. Hau da, hamabost puntu posibletik hamabostak eskuratu dituzte. Denboraldi honetan inork lortu ez duen zerbait, ezta geldiezina zirudien Bartzelonak ere. Hala ere, oso hurbildik jarraitzen dute Levante, Valentzia, Atletico Madril eta talde blaugranak.

Bazirudien joan zen igandean Transportes Alcainek Lezaman sorpresa emango zuela, atsedenaldira 0-1eko aldearekin joatean. Baina Irene, Izaskun eta Lizasok bigarren zatian sartutako golei esker, beste behin, hiru puntuak bizkaitarrentzat izan ziren. Eta bost jardunaldi hauetako emaitzak ikusirik, geldiezina dirudiena Juan Luis Fuentesen taldea da. Eta bestela galdetu Sevillari, jipoi ederra jaso baitzuen, bere herrialdean gainera (0-8). Lehen jardunaldian Lezama bisitatu zuen Sporting Huelvak ere ondo baino hobeto ezagutu zuen bizkaitarren gol-gosea (5-1). Reala eta Rayo Vallecano izan dira Athletic estuen hartu dituzten taldeak, baina hala ere hiru puntuak bizkaitarrentzat izan ziren (2-1 eta 1-2, hurrenez hurren). 

Ez pentsa Collerensek txapelketa hasiera kaxkarra izan duenik. Lehen jardunaldian Bartzelonaren aurka galdu bazuen ere, egoerari buelta ematea lortu zuen, bi partida jarraian irabazi eta ondorengoan berdinketa lortzean. Azkenekoan, Atletico Madrilek Collerenseren bolada onari bukaera eman zion. Betidanik mallorkarren helburu nagusiena jaitsiera postuak saihestea izan bada ere, aurten jada Kopako postuetan aurkitzen dira; orain arteko beraien bigarren jomuga izan diren postu horietan, hain zuzen ere.

Eta Balearretako taldearen ezaugarri nagusietako bat etxeko partiduak direla aintzat harturik, Athleticek kontu handia izan beharko du. Balearrek euren zelaia ondo baino hobeto aprobetxatzen jakin dute urte guzti hauetan, dituen dimentsio txikiei zuku handia ateraz. Fuentesen taldeak ondo baino hobeto daki Miguel Bestardek gidatutako taldearen kualitatea. Joan zen urtean garaipena lortu bazuten ere (0-2), 2012-2013 denboraldian gogotik sufritu baitzuten puntu bakarra gehitzeko (3-3). Baina, zuri-gorriek gauza bat alde badute, hori estadistikak dira. Askotan sufritu, baina inoiz ez dira esku hutsik itzuli Ca’n Caimari zelaitik. Gainera, Nekane Diezek bolada onarekin ekin dio Liga txapelketari, jada zazpi gol eginez eta Athleticen erasoari etekin handiena ateraz. Joan zen jardunaldian atea ikusi ez bazuen ere, "Pitxitxi"-aren sailkapenaren gorenean jarraitzeko irrikitan izango da barakaldoarra.  

Athleticek argi dauka bere helburua: titulu bat irabaztea. Azken bi urteetan Bartzelonarekin lehia intentsua izan du, eta guztietan kataluniarrak atera dira garaile. Une honetan bizkaitarrek hiru punturen aldea daukate Xavi Llorensen taldearekiko, eta hori aprobetxatzeko era hoberena garaipenen bidetik irmo jarraitzea da.