Yulema Corres izan zen partiduko golegile bakarra, eta beste behin, Ca’n Caimari zelaian gorriak eta bi ikusi behar izan zituzten bizkaitarrek. Izan ere, neurketa amaitzeko hogei minutu falta zirenean Erikak bigarren txartel horia ikusi eta Fuentesen taldeak hamar jokalarirekin amaitu behar izan zuen norgehiagoka.
Goiz, oso goiz aurreratu ziren zuri-gorriak markagailuan, aurtengo ohiturekin jarraituz. Baina atzokoan Yulema Corres izan zen golegilea. Arabarrak ederki aprobetxatu zuen Eunateren pasea Athleticen elastikoarekin (eta Lehen Mailan) bere lehen gol ofiziala lortzeko; eta aldi berean, bere taldeari garaipen garrantzitsua emanez. Lehen zatian Juan Luis Fuentesek gidatutako taldeak ez zuen arazo askorik izan defentsa lanetan, baina baloiaren jabetza edukita ere, erasoan ez ziren oso fin ibili. Gauzak horrela, estrategia jokaldiei probetxua ateratzen saiatu ziren, zorte handirik gabe.
Bigarren zatian, eta Erikaren kanporaketa baliatuz, Collerensek gora egin eta berdinketa lortzeko zorian ibili zen. Hala ere, aukerarik garbiena zuri-gorriek izan zuten, Maite Lizasoren jaurtiketa langara zuzendua joan baitzen. Eta azken arnasaldian Irune Muruaren bolea-errematea gutxigatik kanpora joan zen.
Datorren asteburuan ere etxetik kanpo jokatu behar du, Espanyolen zelaian hain zuzen (Ciudad Esportiva Dani Jarque). Beste behin, atzekoek ez harrapatzeko, eta Valentzia eta Levanteri ateratzen dizkion bi punturen errenta mantentze aldera, garaipena eskuratzea bere biziko helburu bilakatu da Juan Luis Fuentesek gidatutako taldearentzat.
Ficha teknikoa:
Collerense: Andrea; Anita Campos, Bel Calero, Marga Fullana, Gabi Gutierrez, Patricia Guijarro, Maitane Lopez, Pili Espadas, Maria Vidal, Cora Coll (Marga Morey min.86) e Ilham El Kerche (Estefa Rodríguez min.87)
Athletic Club: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi, Joana Arranz, Irene Paredes, Eunate Arraiza; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso, Yulema Corres (Irune Murua, 72. min.), Arrate Orueta, Izaskun Leoz (Alazne Gomez, 46. min.); Erika Vazquez
Gola: 0-1: Yulema Corres, 12. minutuan.
Epailea: Ivan Gonzalez Gonzalez. Irene Paredes, Maite Lizaso eta Juan Luis Fuentesek txartel hori bana ikusi zuten. Erika Vazquez kanporatua izan zen bi txartel hori ikustean.
Argazkia: athletic-club.net