Athletic

Garaipenak ezin du ihes egin

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko urr. 31a, 16:21

Asteburu honetan Lezamara itzuliko da Lehen Mailako txapelketa. Bi aste jarraian Athleticek etxetik kanpo jokatu ostean, Santa Teresa talde badajoztarra jasoko dute bizkaitarrek. Mutilek igandean 12:00etan San Mamesen jokatzen dutelako, nesken neurketa larunbatera aurreratu dute. Beraz, bihar (azaroak 1) 20:00etan ekingo zaio Athletic eta Santa Teresaren arteko lehiari Lezamako kirol instalakuntzetan.

Joan zen asteburuan Athleticek denboraldiko lehen estropezua pairatu zuen Espanyolen zelaian. Sei garaipen erreskan eskuratu ondoren, berdinketarekin konformatu behar izan zuen Sant Adriàn. Puntu bat batu bazuen ere, horren ondorioz, Levanterekin partekatzen du lidergoa (19 punturekin), eta Bartzelona –puntu bat gutxiagorekin- oso gertutik jarraitzen dabil. Kasualitatez, bi talde horiek jardunaldi honetan elkarren artean lehiatuko dira Joan Gamper kirol instalakuntzetan. Beraz, Juan Luis Fuentesen taldeak aukera paregabea dauka lidertzan mantendu eta puntuen arteko aldea areagotzeko.  Horretarako, garaipenarekin egitea ezinbestekoa da. Erika Vazquez berriz ere prest izango du entrenatzaile zuri gorriak; baina oraingo honetan Maite Lizasoren hutsunea bete beharko du, izan ere, erdilari zarauztarrak bost txartel hori ikusteagatik ezin izango du bihar jokatu.

Aurrean Santa Teresa izango dute, aurten Lehen Mailara igo den taldeetako bat. Ez daukagu erreferentzia handirik Badajozeko taldearen inguruan. Bere lehen denboraldia da goi mailako txapelketan. Bigarren mailako IV. multzoan txapeldun izan ondoren eta igoera fasean La Solana eta Sporting Plaza Argel kanporatzean lortu zuen Lehen Mailako txartela. Geroztik, garaipen eta berdinketa bana eskuratu ditu goi mailan jokaturiko zazpi jardunaldietan. Hortaz, hamahirugarren postuan aurkitzen da lau punturekin. Puntu guztiak euren zelaian eskuratu dituzte badajoztarrek, Fundación Albacete menderatuz eta Atletico Madrilen aurka berdinduta; eta bertan, oraingoz, behin bakarrik galdu dute, 1-3 Sporting Huelvaren kontra. Beste porrot guztiak etxetik kanpo sufritu dituzte: Collerense (2-1), Bartzelona (4-0), Levante (1-0) eta Rayo Vallecanoren (3-0) zelaietan, hain zuzen ere.

Zuri-gorrien nagusitasuna bistakoa izan beharko luke larunbateko lehia horretan. Izan ere, lidergoan egoteaz gain, talderik beteranoena da Athletic. Eta horrek, paper garrantzitsua jokatzen du esperientzia handirik ez daukatenen aurka. Gainera, Lezama bizkaitarren gotorlekutzat jo dezakegu. Joan zen denboraldian, behin bakarrik galdu zuten zelai horretan, bera Bartzelonaren aurka (1-2); eta beste behin, berdinketa, Rayo Vallecanoren aurka. Bestalde, Sporting Huelvaren aurka, etxean, bana egin bazuen ere, partida hori Barakaldoko futbol zelaian jokatu zen. Hau guztiagatik, larunbatean garaipena eskuratzea “normalena” litzateke.    

Hala ere, adituek esaten duten lez, arerio hauek izaten dira arriskutsuenak. Juan Luis Fuentesek gidatutako taldeak hiru puntuak beharrezkoak ditu; Juan Carlos Antunezenak, ordea, ez dauka ezer galtzeko Lezaman. Baten helburua garaikurra lortzea, bestearena, aldiz, maila mantentzea. Aldez aurretik, bien arteko aldea nabarmena dela dirudi. Bihar (larunbata, azaroak 1) 20:00etatik aurrera Lezaman ikusgai izango da ea hainbesteko diferentzia dagoen, edo ez. 

Argazkia: www.athletic-club.net