Athletic

Aldea handitzeko aukera paregabea

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko aza. 7a, 16:24

Athleticek inoiz bisitatu ez duen zelai batean jokatu beharko du igande honetan (azaroak 9) 12:00etatik aurrera: Albaceten, hain zuzen ere. Arerioa Albacete Fundazioa –edo Fundación Albacete, gazteleraz-, da, eta aurten Lehen Mailara igo den taldeetako bat da, Santa Teresarekin batera. 22 punturekin lidergoan dira zuri-gorriak; Gaztela-Mantxako taldea, ordea, jaitsiera postuetatik oso gertu dabil.

Zortzi partiduetan ez dute porrotik jasan bizkaitarrek, zazpi partidu irabazi eta bakarra berdinduta. Emaitza on horiengatik mantentzen dira sailkapenaren lehen postuan. Aurten, ordea, garaikurra eskuratzeko lehiakide gehiago agertu dira. Bartzelonaz gain, puntu bakar baten aldearekin, Valentzia eta Levantek ere gertutik jarraitzen dute lidergoa –bi eta hiru puntura, hurrenez hurren-.

Hori dela eta, postu pribilegiatu horretan irmo jarraitzeko aukera paregabea du Juan Luis Fuentesek gidaturiko taldeak. Championsa medio, Bartzelona eta Rayo Vallecanoren arteko neurketa abenduaren 20ra atzeratu da-eta. Gainera, Levante eta Atletico Madril bezalako aurkari zuzenak aurrez-aurre izango dira asteburu honetan.

Zuri-gorriei tokatuko zaie aurkari zuzenen kontra lehiatzea, baina, oraingo honetan, joan zen jardunaldian lez, gorengo mailara igo den taldea izango dute aurrean. Albacetekoen lehen urtea da Lehen Mailan, nahiz eta behin baino gehiagotan igoera fasean parte hartu. 2008-2009 denboralditik zebiltzan gorengo mailara igo nahirik, eta iazko sasoian lortu zuten euren helburua.

Gaztela Mantxakoek igoera faseko lehen kanporaketan talde euskaldun bat utzi zuten atzean, Oiartzun. Joaneko partidan 3-1 gailendu zen Albacete Fundazioa; Oiartzunen ordea, gipuzkoarrak kanporaketa iraultzeko zorian izan ziren (2-1). Hurrengo kanporaketan, Granadilla Tenerife Sur izan zuten arerio, eta Tenerifen irabazi ez bazuten ere (2-1), Albaceten eskuraturiko 2-0ekoarekin Kanarietan sartutako golari balioa eman zioten.

Egia esan, gogor hasi zuen denboraldia Albaceteko taldeak. Etxean lehen jardunaldian Sevilla menderatu ostean, Transportes Alcaineren zelaian husna berdindu baitzuen. Ordutik ordea, ez du punturik eskuratu. Gainera, nabarmentzekoa, Bartzelonaren aurka jasotako jipoia: zortzi gol jaso zituen Albacete Fundazioak (Fundación Albacete, gazteleraz) Joan Gamper kirol instalakuntzetan. Orobat esanguratsua, aurten mailaz igo den Santa Teresaren zelaian porrota jasan zuela, gutxigatik izan bazen ere (3-2). Albacete bertan, bi aldiz galdu dute. Bata, Collerenseren aurka (1-3), Lehen Mailako lehenengo porrota izan zelarik; eta bestea, Levanteren aurka (0-2). Igo berri guztiek bezalaxe, beraz, lehen helburua maila mantentzea izango du. Orain bertan jaitsiera postuetatik oso gertu dabil Luis Garciak gidaturiko taldea, bi puntura, alajaina. Hala ere, alerta postu horiek oraingoz Sevilla eta Sant Gabrielen eskuetan daude.

Azken sei partiduetan punturik batu ez duen taldea, porrotik pairatu ez duenaren aurka. Ezustekoa ematen saiatuko ez direnik ezin daiteke esan, baina horretarako talde antolatua aurkeztu beharko dute mantxatarrek. Athleticek partidu guztietan sartu du golen bat, asko eta asko hasierako minutuetan, eta orain taldeko golegile nagusia –eta Ligako bigarrena- sendatu delarik (Nekane Diez), atzelariak tentuz ibili beharko dira. Era berean, Maite Lizaso prest izango du Fuentesek, bost txartel horiren zigorra bete ostean. Albacete Fundazioak ia partidu guztietan sartu du golen bat, gehienetan askotarako balio izan ez badio ere; Huelvan sarturiko hiru golak, esaterako. Jasotako golak halaber ez dira gutxi izan -24 guztira-. 

 

Argazkia: www.athletic-club.net