Athletic

Ezustekoa Albaceten

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko aza. 10a, 15:10

Athleticek ezin izan zuen garaipena eskuratu Albaceten, aurten Lehen Mailara igo den Albacete Fundazioaren aurka. Banako berdinketa adierazi zuen markagailuak, eta puntu bakarra batu badute ere, atzekoekin aldea areagotzeko aukera paregabea alferrik galdu zuten bizkaitarrek. Bigarren zatia hasi eta gutxira Erikak sartutako gola, 86. minutuan berdindu zuten etxekoek, Maria Arranzen bitartez.

Zapore gazia duen berdinketa. Athleticek bere arerio zuzenen emaitza kaxkarrak baliatu zezakeen Albaceteko partidan. Izan ere, Bartzelonaren Championseko partidua zela eta kataluniarrek atsedena zuten Ligan, Levantek bere bigarren porrota jasan zuen eta Valentziak husna berdindu zuen Zaragozan. Emaitza lagungarriak, benetan, lidergoan irmo mantendu eta aldea handitzeko.

Arraroa badirudi ere golik sartu gabe iritsi ziren atsedenaldira. Etxekoek ondo eutsi zuten bizkaitarren eraso bakoitza, eta aurrelariek ez zuten erremate argirik egin. Aukera garbiena Yulemak izan zuen, atsedena baino minutu gutxi lehenago, Eunateren erdiraketa on bat jasota. Jaurtiketak ez zuen ordainsaririk eduki.

Bigarren zatia hasi eta berehala markagailuan aurreratzea lortu zuten zuri-gorriek. Erika izan zen golegilea. Izaskunek lapurtu eta Alazneren erdiraketa bikaina sareetara bidali zuen aurrelari nafarrak. Athleticek gol gehiago sartzeko aukerak izan zituen, baina Raquel atezaina fin ibili zen. Etxekoen lan serioak saria ekarri zien. Jada Gloriak abisatu zuen zer gerta zitekeen bere jaurtiketak langa jo zuenean. Eta amaierarako lau minuturen faltan, Maria Arranz aurrelariak berdinketa ezarri zuen markagailuan. Saria bati eta kolpea besteari.

Puntu honekin Athletic lidertzan mantentzen da, baina bere azpiko hiru taldek bi punturen aldea besterik ez dute (Bartzelona, Valentzia eta Atletico Madril). Gainera, Atletico Madril ere borroka horretan sartu da Levanteren etxean 1-3 irabazi ostean. Datorren asteburuan Levante berak bisitatuko ditu Lezamako instalakuntzak. Valentziarrek azken bi jardunaldietan galdu badute ere, eta ondorioz, sailkapenean beherakada jasanez, lehia zuzena eta bizia izango da larunbatekoa (azaroak 15, 11:45etan).

Fitxa teknikoa:

Albacete Fundazioa: Raquel, Tere, Leles (Aroca, min. 35'), Miri, Mati (Llanetes, min.40'), Gloria, Marina, Vane, Arranz (Irene, min. 90'), Alba y Marti.

Athletic: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi, Joana Arranz, Irene Paredes, Eunate Arraiza; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso; Alazne Gomez (Nekane Diez, 53. min), Erika Vazquez, Izaskun Leoz (Irune Murua, 78. min); Yulema Corres (Eli Ibarra, 46. min.).

Golak: 0-1: Erika Vazquez, 47. minutuan; 1-1: Maria Arranz, 86. minutuan.

Epailea: Ruiperez Marin. Vane, Miri eta Irene etxeko taldeko jokalariek txartel hori bana ikusi zuten. Baita Vanesa Gimbert eta Iraia Iturregi jokalari zuri-gorriek ere. 

 

Argazkia: www.athletic-club.net