Athletic

Hutsegite handia

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko aza. 29a, 17:43

Athletic esku hutsi itzuli da Madrildik Atletico Madrilen aurka 2-0 galdu ostean. Doitasun eza nabaria izan da laurogeita hamar minutuetan, eta dinamika horretan etxeko taldea argiago izan da. Rocio Galvezek egin du lehen gola korner batean, eta Amanda Sampedrok aldea handitu du Deboraren erdiraketa paregabea bikain errematatuz. Hau izan da bizkaitarren denboraldiko lehen porrota, madrildarrentzat urrezko hiru puntu izan direlarik. Hori dela eta, gaurko aurkariak jada harrapatu dio sailkapenean.

Partida eskasa, kaxkarra. Bi taldeek ez dute euren onena eskaini gaurko neurketan. Lehen zatian errespetuak behar baino protagonismo handiagoa hartu du. Hori, edo galdu nahi ezak. Hala nola, hasierako hogeita hamar minutuetan Athletic gehiago jardun da aurkariaren zelai aldean. Aukera paregabe bat ere izan dute korner batean, alabaina Lola Gallardo adi egon da Ireneren burukadan eskua luzatu eta baloia desbideratzen. Lehen zatian bizkaitarrak goletik gertuen egon diren unea izan da hori.

Bazirudien Atletico Madril lokarturik zegoela, erasoan konexioa falta zitzaien. Athletic ere ez zegoen bere partidarik onena egiten. Baloi asko galtzen zebiltzan bi taldeak. Halako hutsegite bat ondo baino hobeto aprobetxatzen saiatu da Priscila, kontraerasoa berak bakarrik sortuz; arean sartzean, aldiz, jaurtiketa ahularekin ezin izan du Ainhoa gainditu. Erikak ere atzelarien hutsegitea baliatu nahi izan du, baina nafarrak ez du asmatu jaurtiketarekin. Minutuak pasa ahala, ostera, Fuentesen taldea indarrak galtzen joan da eta etxekoa indarberritzen, batez ere estrategia jokaldietan. Argitasun falta zegoen zuri-gorrien artean. Atzean baloia mugitu bai, baina gero baloi luzeetara jotzea besterik ez zeukaten, pase garbirik ez ikustearen ondorioz. Kanpokoen iluntasuna baliatu dute etxekoek, eta atsedena baino lehenago markagailuan aurrea hartzeko zorian izan dira. Estherren errematea, Mapi Leonen erdiraketan, zutoinetik gertu kanporantz joan da.

Atletico Madrilek sentsazio hobeagoekin ekin dio aldageletarako bidea. Edo hala zirudien lehen zatiko azken minutuak ikusirik. Bigarren zatiaren hasieran, aitzitik, Athleticek bere momentu onena erakutsi du.  Dena den, lehen erasoko jokaldia gaur Angel Villacamparen gidaritzapeko taldeak egin du (Miguel Angel Sopuerta kanporatua izan baitzen joan zen jardunaldian, bi partidako zigorra bete beharko du). Nagoreren erdiraketa ederra desbideratzeko azkar ibili da, ordea, Ainhoa; bere atzean zegoen Estherren errematea ekidinez. Partida osoko gol aukera garbiena Yulemak izan du. Ez da lehen aldia area kanpotik, bi aldiz pentsatu gabe, jaurtiketa on batekin aurkariak harritzen dituela. Gaurkoan, atera bizkarra ematen zegoelarik, hegaleko pase bat jaso du. Bularrarekin kontrolatu eta segidan jiratuz bere jaurtiketa langara joan da.

Aukera on horrek segidan beste bat ekarri du. Yulemak hasi eta Erikak gidatutako kontraerasoa nafarraren jaurtiketa ahularekin bukatu da. Hori amaitzearekin batera Athleticen une gozoak agur esan du. Villacampak Debora zelairatu du Estherren ordez, eskuin hegaleko jokalariak airea eman dio jokoari eta Ainhoak defendatutako atera hurbiltzen hasi dira etxekoak. Mapi Leonen jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da, atzelari batean jo eta gero. Korner horretan bertan ailegatu da gola. Erdiraketa itxia ezin izan du inork desbideratu, ezta Ainhoak ere –saiatu arren-, eta Rociok, bigarren zutoinean aurkarien presentziarik gabe, ez du huts egin.

Honek bai piztu duela Atletico Madril. Golpe gogorra izan da Athleticentzat. Markagailuan atzetik joatean erreakziorik gabe geratu da Fuentesen taldea. Aldaketek ez diote erantzunik eman. Bitartean Debora eta Amandak bihurrikeriatan jarraitu dute, erasoko jokaldi ederrak eginez. Eta halaxe iritsi da gol erabakigarria. Deboraren erdiraketa bikainari amaiera ezin hobea eman dio Amandak, buruz errematatuz. Bi eta hutsekoarekin ideien falta argi ikusi da bizkaitarren artean. Nahi eta ezin. Bihotzarekin jokatzen saiatu dira baina halakoetan arrazoiari ez zaio guztiz bizkarra eman behar. Golpe gogorretik ezin berpizturik zebiltzala etxekoak hirugarren golaren bila joan dira, beldurrik gabe.

Azkenean 2-0ekoarekin argiztaturik geratu da markagailua. Athleticen sasoiko lehen porrota izateaz gain, lehen aldia da neurketa golik egin gabe amaitzen duela. Atletico Madril garaipen garrantzitsu honekin Ligako borrokan bete-betean murgildu da. Porrot mintsu hau jasanda, hurrengo larunbatean berebiziko garrantzia duen lehiari aurre egin beharko diote bizkaitarrek. Bartzelonaren zelaian jokatu beharko du, eta garaipenak ezin dio ihes egin –kataluniarrek bihar Zubietan egiten dutena alde batera utziz-.

Fitxa teknikoa:

Atletico Madril: Lola Gallardo; Mapi Leon, Rocio Galvez, Marta Carro, Vane Garcia; Silvia Meseguer, Nagore Calderon; Priscila Borja (Miriam Rodriguez, 83. min), Angela Sosa, Amanda Sampedro (Laura Ortega, 89. min.); Esther Gonzalez (Debora Garcia, 59. min).

Athletic Club: Ainhoa Tirapu; Iraia Iturregi (Irune Murua, 81. min.), Irene Paredes, Arrate Orueta, Eunate Arraiza; Vanesa Gimbert, Maite Lizaso; Erika Vazquez, Yulema Corres, Alazne Gomez (Eli Ibarra, 64. min.); Nekane Diez.

Golak: 1-0: Rocio Galvez, 66. minutuan; 2-0: Amanda Sampedro, 80. minutuan.

Epailea: Vazquez Gonzalez. Vanesa Garcia eta Amanda Sampedro etxeko jokalariek txartel hori bana ikusi dute. Baita Eunate Arraiza zuri-gorriak ere. 

 

Argazkia: Lalu R. Albarran