Azken urteetan bien arteko lehia ikusgarria izan da Liga garaikurra irabazteko lasterketan. Eta guztietan kataluniarrek aurrea hartu diote bizkaitarrei.
Iragan jardunaldian Athleticen hutsegite galanta ederki probestu zuen Bartzelonak. Gogotik sufritu zuen Xavi Llorensen taldeak Zubietan, baina bukaerako minutuetan Mariona Caldenteyk bi gol erabakigarri egin zituen. Hiru puntuko aldea ateratzeko balio izan zuen garaipenak. Hori ez ezik, ez da ahaztu behar bartzelonarrak neurketa bat gutxiago jokatu dutela (abenduaren 20an jokatuko dute Rayo Vallecanoren aurka).
Zuri-gorriak lider izatetik bigarren postuan, Atletico Madrilekin berdinduta, egotera pasa dira. Denboraldi honetan sailkapenaren gorenean eroso ere egin dira. Baina Espanyolen aurkako berdinketatik bi garaipen, bi berdinketa eta porrot batek markatu dute ibilbidea. Atletico Madrilen aurka, gainera, taldeak ez zuen itxura onik eman, galtzen joanda ere erreakzioa ez baitzen plazaratu.
Egoera kontrakoan dago Bartzelona. Porrot bat jasan zuten Valentziaren aurka, eta horrek “alarma gorria” piztu zuen. Baina hortik aurrera sailkapenean goranzko joera izan dute blaugranek, lidergoarekin egin eta atzekoei alde nabarmena ateraz. Kontuan hartzekoa da oraindik 11. Jardunaldia dela (hamahiru partida jokatu dira guztira; Bartzelonak, hamabi) neurketa honek geroa baldintza dezake. Bartzelonak bere aurkari zuzenengatik sei puntura aldentzeko aukera dauka; bestalde, Athleticen garaipenak sailkapena estutuko luke -eta baita Atletico Madrilek Oviedon irabazten badu ere-.
Sant Joan Despíko zelaian hiru puntuak poltsikoratzea ez da lan samurra izango. 2012-2013 denboraldiko bigarren jardunalditik (2012ko irailaren 9rik) ez du porrotik sufritu bere zelaian. Hortik gaur arte Realak bakarrik puntuatu du blaugranen etxean. Ligako norgehiagoketan Athleticek 2010etik behin bakarrik gainditu du Bartzelona. Azken hiru Liga txapelketetan ildo berdina mantendu zen: bizkaitarrak goian sendo zeudenean Bartzelonaren aurka jokatzean bere ahulezia guztiak argitara ateratzen ziren. Horrek galarazi zuen bizkaitarrek garaikurren bat lortzetik –baita zorteak ere, 2014ko Erreginaren Kopako finalean, esaterako-.
Buruko min asko sortu dio Xavi Llorensek gidatutako taldeak zuri-gorriei. Eta mamu zahar horiek uxatze aldera, larunbatean garaipena ezinbestekotzat du Fuentesen taldeak. Joan zen sasoian gutxigatik gailendu ziren kataluniarrak: Bartzelonan 1-0 eta Lezaman 1-2, Athletic irabazten hasi eta Vicky Losadaren bi gol ikusgarrik garaipena eman ziotelarik. Atletico Madrilen aurkako porrota bakarra izan dadin nahiko dute bizkaitarrek, eta horretarako garaipenaren bidera itzultzeko berebiziko beharra daukate.
Lehia bizi espero da beraz larunbatean 11:45etatik aurrera Sant Joan Despíko berdeguneak jasoko duena, Gol Televisionen kameren testigupean. Azken urteetako bi talde onenak aurrez aurre izango dira, lehenengo eta bigarren sailkatua, hain zuzen ere.
Argazkia: Lalu R. Albarran