Athletic

Suspertzeko unea

Erabiltzailearen aurpegia Ane Urkiri Ansola 2014ko abe. 12a, 18:30

Athletic ez dago bere une gozoenean. Joan zen larunbateko porrotaren ondorioz, laugarren postura jaitsi da, Valentzia eta Atletico Madrilek ez baitzuten huts egin Fundacion Albacete (1-0) eta Oviedo Modernoren aurka (0-1), hurrenez hurren. Asturiarrak dira, hain zuzen, bizkaitarren hurrengo arerioak. Larunbatean 20:00etatik aurrera, gogotik lan egin beharko dute zuri-gorriek bide onera itzultzeko. Oviedoko taldea denboraldiko ustekabea izaten ari baita.

Bi partida galdu eta lidergoari agur esatearekin batera bigarren postuak ere ihes egin dio Athletici. Arerio zuzenen aurka gehiegi ari da sufritzen, eta horrek ordaina izan du. Azken zazpi partidetan bi aldiz bakarrik irabazi du, eta beste hiru aldiz puntu bakarra eskuratu du. Baina min gehien eman duten partidak azken biak izan dira. Mahaian kolpea emateko aukera zuten bizkaitarrek, baina erreakziorik gabe geratu ziren Madrilen eta Bartzelonan. Azken jardunaldian, esaterako, jipoi ederra jaso zuen talde blaugranaren aurka (4-0).

Aurrean ez dute edonolako taldea izango. Joan zen denboraldian Lehenengo Mailara itzuli zen Oviedo Moderno. Iazko helburua jaitsiera saihestea bazen, aurten bat baino gehiago zur eta lur geratu da egiten ari den denboraldiarekin. Seigarren postuan dago –partida bat gutxiagorekin-, harritzekoa aurrekontua ikusirik. Desagerrarazteko arriskuan dago eta hau ekiditeko diru-laguntzak jasotzen ari da. Bi partida baino ez ditu galdu, Bartzelona eta Atletico Madrilen aurka. Hau da, Athletic bezain beste porrot jasan ditu, eta bizkaitarrak baino bost puntu gutxiagorekin dago. Bestalde, Bartzelonan jokaturikoa salbuespen gisa erabiliz, kanpoan jokaturiko neurketa guztietan hiru puntuak eskuratu dituzte Emilio Fernandez Cañedok gidaturiko taldeak.

Beherakada handiagoa ekiditeko, irabaztera derrigortuak daude bizkaitarrak. Suspertzeko unea da. Bai ala bai da lema. Joan zen denboraldiko emaitzak aintzat hartzen baditugu, asturiarren izaera ezagutu dezazkegu. Izan ere, gol gutxi egin baina gol gutxi jasotzen dituen taldea da Oviedokoa. Korrika, presionatu eta zuloak ondo ixten dituzte. Defentsako lan ederra, alegia. Eta aurrean Luciari bidea utziz gero… Iazko sasoian Fuentesen taldeak ederki sufritu zuen Oviedoko zelaian, markagailua 0-0tik ez baitzen mugitu; eta Lezaman Manuela Lareoren gola erabakigarria izan zen (1-0). Aurreko urteetako emaitzak errepasatuz gero, Athleticen aldeko emaitzak ikus ditzakegu, erraztasun askorekin irabaziak gainera.

Baina aurtengo egoera beste bat da. Bai Oviedo Modernorena eta baita Athleticena ere. Joan zen asteko neurketa salbuespen gisa, beste guztietan gola egin dute oviedoarrek. Bizkaitarrak, ordea, bi porrotetan ezin izan dute golik sartu. Bolada eskasean murgildurik daude, eta hortik irteteko garaipena beharrezkoa daukate. Oviedo une gozoan aurkitzen da, nahiz eta joan zen jardunaldian porrota jaso, ezustekoa edonon eta edonori emateko gai dela erakutsi baitu. Zuri-gorriek denboraldi honetan behin bakarrik hutsegin dute Lezaman, beraz etxeko zelaiko indarra baliatu beharko dute garaipenaren bidera itzultzeko. Gainera, 2014 urteko azken neurketa izango da biharkoa, urtarrilaren 11ra arte atsedenaz gozatuko dute-eta. 

Argazkia: Lalu R. Albarran